EAJREN ABURUZ, AURREKONTUEK EKONOMIARI ETA INBERTSIO ESTRATEGIKOEI EMAN BEHAR DIETE LEHENTASUNA

0

Alderdiak hainbat proposamen aurkeztu ditu 2015eko kontuek “benetan zarauztarren mesederako diren proiektuak bultza ditzaten, eta ez bestelakoak”

EAJk hainbat ekimen proposatu ditu 2015eko Udal aurrekontuak Zarauzko ekonomiaren, inbertsio estrategikoen, eta gizarte ongizatearen sustapenean oinarritu daitezen. Uste du ekonomiaren eta enpleguaren babesa lehentasun nagusitzat jo behar dela, “eta ez hitzekin, baizik eta neurri zehatzekin”. Horretarako, proposatu du plegu osoagoak idaztea langabetuen kontrataziorako eta enpresa berrien ekimenetarako dirulaguntzak martxan jartzerakoan: “Tamalez, aurtengo planteamendua oso labur gelditu da kualitatiboki eta baita kopuru aldetik ere, oso berandu iristeaz gain. Akats hori ezin daiteke errepikatu”.

Inbertsioen arloan, jeltzaleentzat ezinbestekoa da ekonomiari eta etxebizitzari lotutako proiektu estrategikoak bultzatzea, “zalantzarik gabe eta irmotasunez”. Horretarako, proposatu dute aurrekontuetan 500.000 eta 600.000 euroko diru-atalak aurreikustea, Errotaberriko industria eremuko urbanizazio lanekin hasi, eta Salberdinko birpartzelazio eta urbanizazio proiektua idazten hasteko, hurrenez-hurren. Ez da ahaztu behar Salberdinen babes ofizialeko 500 etxebizitzatik gora egitea dagoela aurreikusita. “Borondate politiko argia eskatzen duten proiektuak dira, eta horrek aurrekontuetan eduki behar du isla”, azpimarratu dute.

EAJ ez dator bat Astin jatetxea egiteko proiektuarekin, eta askoz ere lehentasun inportanteagoak ikusten ditu: “Onartezina iruditzen zaigu aurrekontuetako inbertsio atal nagusietako bat negozio pribatu baten aldekoa izatea, eta ez zarauztarren aldekoa. Politikoki, ez du kabidarik”. Horren lekuan, proposatzen dute Asti garatzeko urtekako egitasmo bat adostea, egin beharreko inbertsioak, horien ordena, eta diru-atalak aurreikusiko dituena: aldagelak, harmailak, atletismo pistak… Hala, planteatu dute 600.000 euro bideratzea urbanizazio eta lurren berdintze proiektu osoa idazteko”.

Halaber, eskatu dute beste 60.000 euro erabiltzea Lizardi instituko jolastokia estaltzeko proiektua erredaktatzeko. “Inbertsio hori 2014ko aurrekontuen barrduan sinatu genbuen akordioan jasota zegoen, baina ez da gauzatu. Kontuan hartuta herriko kirol elkarteen eskaera nagusietako bat dela, uste dugu badela garaia heltzeko”, argudiatu dute.

Iriskortasunari lotutako inbertsioei dagokionez, EAJren apustua da Santa Klaran lurpeko pasabidea egiteko lehen pausoak ematen hastea; “ez dago zertan peatonalizazio proiektuaren bigarren fasearekin lotu beharrik”. Halaber, ezinbestekotzat jo du diru-atal bat aurreikustea Udalak saldu nahi dituen Hondartzako garajeetan igogailua egin ahal izateko, eta 100.000 euro bideratzea Mendilautan espaloiak konpontzeko, “sekulako premia baitago, auzoko bizilagunek jakinarazi diguten bezala”.

Giza ongizatearen arloa ere landu dute jeltzaleek. Bertan, proposatu dute 2015eko aurrekontuen barruan Caritasi ematen zaion dirulaguntza handitzea, gizarte zerbitzuek ematen dituzten norbanako laguntzen kopurua handitzea -erantzun azkarra behar duten behar bereziak asetzeko ematen dira-, eta eskola materialerako etabarreko dirulaguntzak ere hobetzea. “Uste dugu azken horien kudeaketa ez dela behar bezalakoa izan, ez epean eta ezta kontzeptualki ere. Pleguak idatzi behar dira, bermatzeko behar handieneko familiak izateko onuradunak, laguntzen kopurua emendatzeaz gain”, zehaztu dute.

Era berean, EAJren irudiko, badira askoz gehiago landu eta zehaztu beharreko proiektuak, hala nola Villa Mundan egin asmo den Emakumearen Etxearena, edota Aldapetako orubearen salmentarena, “kapitulu berezia merezi duena”. Halaber, uste du “dezenteko tartea” dagoela propagandari, publizitateari eta antzeko jarduerei lotutako diru-atalak murrizteko, “benetan zarauztar guztien mesederako diren proiektuei merezi duten protagonismoa emanez”. Amaitzeko, adierazi dute eskaera guzti horiek Udal Gobernuari helarazio zizkiola, epean eta forman, “kontuak lantzeko planteamendu orokor gisa”, eta ziurtatu dute lehentasun horiek jarraituko dutela lanean legealdia bukatu arte, “akordioa egon ala ez”.

Share.

Leave A Reply