MARKEL OLANO ETA UROLA KOSTAKO HAUTAGAIEN ARTEKO ELKARLANA

0

“Zarautz diseinatu nahi dugu denon artean. Horretarako ari gara Prest dinamika aurrera eramaten”, adierazi du Xabier Txurrukak

Gipuzkoako Ahaldu Nagusirako EAJren hautagai Markel Olanok la-saio batean parte hartu zuen joan den larunbatean Zarautzen eskualdeko herrietako hautagai jeltzaleekin: Xabier Txurruka (Zarautz), Oier Korta (Zumaia), Uxoa Larrañaga (Getaria), Jose Angel Zaldua (Orio). Haiekin batera bertaratu ziren hainbat zinegotzi, afiliatu eta herritar, proiektu, ideia eta proposamen desberdinak partekatu eta lantzeko. Jardunaldian zehar, alderdi jeltzaleko kideek Urola Kostako erronka nagusiak aztertu zituzten. Erronka horiei “ilusioz eta arduraz” aurre egiteko prest azaldu zen Markel Olano.

Ildo horretan, Olanok adierazi zuen eskualdeak kudeaketa politiko serio eta erangikorra behar duela, legealdi honetan geldirik egon diren proiektu estrategikoei bultzada ematea ahalbidetuko duena: “Blokeo eta paralisi horren adierazle da ezker abertzaleak Udal Elkartearen bi Osoko Bilkura baino ez dituela deitu legealdi honetan”. Egoera horren aurrean, Udal Elkarteen egiturak indartzearen eta elkarlana bultzatzearen garrantzia azpimarratu du. “Urte hauetan oposizioan egotea egokitu zaigu eta horrek gure egitura sendotu eta Gipuzkoaren alde lan egiteko gogoa eta ilusioa duen jende gaztea erakartzeko balio izan digu”.

Bai Olanok eta baita Xabier Txurruka hautagai zarauztarrak ere, aditzera eman zuten “pertsonengan” oinarritutako kultura politikoa errotu behar dela. “Sei urte pasa dira jada krisiak eztanda egin zuenetik eta herritarrak oso kezkatuta daude oraindik egoerarekin, oso delikatua baita. Hori dela-eta, apustu sendo eta irmoa egin behar dugu industriaren, eta jarduera ekonomikoaren alde. Tamalez, ezker abertzaleak dituen aurreiritzien ondorioz, erakundeak enpresengandik urrundu dira hain justu babesa eta gertutasuna gehien behar dutenean”.

Txurruka, bere aldetik, ilusionatuta agertu zen aurretik duen erronkarekin. Bizitzako aro berri bati ekingo dio zarauztarrak, orain arte hirigintzan espezializatutako arkitekto lanetan aritu ondoren. “Niretzako sekulako ohorea da nire ezagutza eta trebetasunak denontzat Zarautz hobe bat egitera bideratzea. Herritarren konfiantza berreskuratu nahi dugu eta horretarako ezinbestekoa da kalean egotea, jendearekin, elkarteekin, herriko taldeekin…funtsean, errealitatea ondoen eta gertutik ezagutzen dutenekin. Horregatik ari gara aurrera eramaten Prest dinamika, prozesu hori modu antolatuan egiteko eta etorkizuneko Zarautz denon artean marrazteko”.

Share.

Leave A Reply