ZEBRABIDEETAKO IKUSPEN FALTA SALATU DU EAJK

0

Bizilagun askok agertutako kezka ikusita, edukiontzien kokapena aldatzeko eskatu du

Udaleko EAJren zinegotzi taldeko kideen arabera, hainbat bizilagunek kezka azaldu diete Zarauzko zenbait zebrabidetan dagoen ikuspen falta dela-eta, hondakin edukiontzien kokapen okerraren ondorio dena. “Dagoeneko hainbat susto gertatu dira bai oinezkoen zein gidarien aldetik, azken horiek ez baitute behar bezala ikusten norbait zebrabidea gurutzatzera doan edo ez. Kezka hau modu nabarian sumatu dugu, eta zarauztarrek berretsi egin digute Zarautz Prest-en barruan izaten ari garen bileretan”, adierazi du Maite Garrastazu zinegotzi jeltzaleak.

Hala, eta arazoa aztertu ondoren, EAJk behin baino gehiagotan eskatu izan du Udaleko Herrilan batzordean edukiontzien kokapena hobetzeko, baina gaurdaino Udal Gobernuak ez du neurririk hartu honen harira. “Eskaera aktan jasota dago baina Bilduk ez du ezer erabaki. Uste dugu gai honek lehentasuna duela, oinezkoen segurtasunari bete-betean eragiten diolako. Udal batek honelakoetaz arduratu behar du, eta azkar jokatu, ezbeharren bat gertatu baino lehen. Ez digu balio esateak oinezkoak direla garrantzitsuena, bizikleten eta autoen aurretik, eta gero ezer egin gabe gelditzea”, esan du Garrastazuk.

Zinegotzi jeltzalearen ustetan, konponbidea arrunt sinplea da. “Guk proposatzen dugu zebrabide guztiak ikuskatzea, jakiteko non dauden edukiontziak zebrabidearen aurrean, zirkulazio norabidearen arabera, eta halakoetan edukiontziak bost bat metro atzeratzea”. Jakinda arrisku egoera hau errepikatu egiten dela furgonetak edo tamaina handiko ibilgailuan aparkatuta daudenean, jeltzaleek proposatzen dute ere zebrabideen ondoan dauden espazioetan motoentzako eta bizikletentzako aparkalekuak jartzea: “Ziur gaude modu honetan oinezkoentzako ikuspena eta segurtasuna hobetuko ditugula”, azaldu du.

EAJk esplikatu duenez, edukiontzien kokapen arriskutsuaren arazoa herriko eremu desberdinetan ematen da, baina aukera dago gehien erabiltzen diren zebrabideetan, edo delikatuenetan, aldatzen hasteko. Adibidez, Abendaño bidean, Urdaneta-Herrikosoro gurutzebidean kokatutakoa, Gureak enpresako langileek erabiltzen dutena, edota Araba kalekoa, Eroski parean. “Bilduren borondate politikoa da behar den gauza bakarra. Zarauztarren Udalari eskatzen diote mota honetako arazoei erantzun azkarra emateko, detaile txikiak iruditu arren, sekulako garrantzia dutelako”, ondorioztatu du.

Share.

Leave A Reply