ZARAUZTARREN DINAMISMOA AZPIMARRATU DU MARKEL OLANOK BERE BISITAN

0

Udaberri

Ekonomiari, ongizateari edo formakuntzari lotutako gure herriko hainbat proiektu ezagutu zituen bertatik bertara

Ahaldun Nagusirako EAJko hautagai Markel Olanok Zarautz bisitatu zuen joan den astean. Egun osoan zehar hainbat bilera eduki zituen, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan zituen ekonomiari, ongizateari edo formakuntzari lotutako gure herriko hainbat proiektu, eragileen eskutik. Horietatik batzuk jada finkatuta daudenak, eta besteak sortzen ari direnak. Olanok Xabier Txurruka alkategaia eta EAJko hautagaiak izan zituen lagun bisita guztian zehar, jorratu ziren gaiei buruzko informazioa eta esperientziak partekatzen eta herriaren errealitatea erakusten.

Jardunaldia goizez hasi zen, Aiala ostalaritza eskolara eginiko bisitarekin. Bertan, Karlos Argiñanok berak instalazioak erakutsi zizkion, eta formakuntza zentroaren eguneroko lanaren berri eman zion. Argiñanok Aialak egindako ekarpena azpimarratu zuen, hainbat gazteri lan munduan txertatzeko aukera eskaini izan diela argudiatuta. Gazte horiek munduko hainbat txokotan “Zarauzko enbaxadore” direla esan zuen. 1996An sortu zen Aiala.

Bisitak Gesalaga Prekozinatuak enpresak Abendañon dituen instalazioetan jarraitu zuen. Bertan, Jose Luis Gesalagak azaldu egin zion nola sortu zen enpresa, nola joan den produktu eskaintza eta merkatuak zabaltzen, eta nola eskaintzen dioten garrantzi berezia berrikuntza eta garapenean inbertitzeari, bi langile baitauzkate produktu sorta hobetzeko lanean, zapore eta proposamen berriak diseinatuz. Olanok oso inpresio positiboa eraman zuen: “Elikaduraren sektorean modernizazioaren eta kalitatearen aldeko apustua egiterakoan” eredu dela adierazi zuen.

Ondoren, Olano eta Txurruka La Salle ikastetxera joan ziren. Kudeatzailearen eskutik, ikastetxearen behar nagusien berri izan zuten, garraiobideari eta internet konektibitateati lotutakoak gehienbat. EAJren Zarauzko alkategaiak panoramika aprobetxatu zuen Olanori saihesbidea egiteko proiektuaren trazatua esplikatzeko. “Proiektu honek garrantzi handia du, eta duela lau urte esleitzeko diru-atala zuen onartuta dagoeneko, baina tamalez Bilduk geldiarazi egin zuen Foru Aldundira iristerakoan. Orain, hiru urte eta erditan izoztuta eduki ondoren, bakarrik zati bat egingo dutela diote”, deitoratu zuen Olanok.

“Argi dugu beharrezkoa dela Zarautzentzat proiektua bere jatorrizko bertsioan berreskuratzea, herriak dituen behar guztiei erantzuna emateko, alegia, hiri-erditik trafikoa arintzea ere barne hartzeko. Datorren legealdian lehentasun bezala jartzea da gure konpromisoa”, iragarri zuen. Jardunaldiarekin jarraitzeko, Aritz Aranburu eta bere taldearekin bildu zen gero. Surflariak Zarautzi lotuta dituen proiektuak ezagutarazi zizkion. Ondoren, herriko hedabideekin solasaldi informala eduki zuen.

Arratsaldez, hautagai jeltzaleak Astira jo zuen, Zarauko Kirol Elkarteko presidentearekin eta futbol eta errugbi sailetako arduradunekin biltzeko. Bertako kirol instalazioak berritzeko dagoen premia handia nabarmendu zioten, “ia duela 20 urte bezala” daudela ardugiatuta, kirol-eskaria asko handitu arren. Era berean, Txurrukak aukera aprobetxatu zuen bertaratutakoei EAJk Asti garatzeko eta, besteak beste, atletismo pista eta zelai berria egiteko plazaratutako proiektuaren xehetasunak emateko.

Jardunaldia amaitzeko, Olano Udaberri adinekoen egoitzara joan zen. Zain zuen hantxe egoitzaren eta Adinekoen Kontseiluaren ordezkapen zabala. Gure nagusiek egunero antolatzen dituzten jardueren berri, eta dauzkaten behar nagusien berri izan zuen. Halaber, bertaratutakoek galderak egin ahal izan zizkioten errealitate politikoari eta Batzar Nagusietan bizi den egoerari buruz. “Gaur egin, eta batez ere etorkizunean izango dugun erronkarik handienetako bat, hirugarren adinekoen beharrei, eta horien erosteko ahalmenaren jaitsierari berme guztiek aurre egitea izango da, geroz eta gehiago izango baitira”, esan zuen.

Olanok irakurketa positiboa egin zuen, eta Zarautzen sumatu zuen “dinamismoa” goraipatu. “Krisia atzean utzi nahian gabiltzan uneotan, inportantea da kalitatezko lanpostuen sorrera bultzatzea, ehun ekonomikoari eta enpresei gure babes osoa eskainiz. Eta beharrezkoa da ere ordezkari politikook une oro herritarrengandik gertu egotea haien beharrak ezagutzeko. Politika publikoen protagonista eta aktore nagusi bilakatu behar dute herritarrek, hartzaile hutsak izan gabe. Pertsonekin, eta pertsonentzat gobernatu behar dugu”, ondorioztatu zuen.

Share.

Leave A Reply