ASTIKO ERREPIDEA “LEHENBAILEHEN” KONPONTZEA ESKATU DU EAJK

0

Xabier Txurrukak azaldu duenez, bizilagun askok egindako eskaera da, “istripuak eta arrisku egoerak” saihesteko oso inportantea

EAJk Udalari eskatu dio Astiko errepidea konpontzeko, “ahal bezain laster eta hauteskundeetara itxaron gabe”. Xabier Txurrukaalkategai jeltzaleak azaldutakoaren arabera, zarauztarrak etenganbe ari dira egiten eskakizun hori. “Errepide hau, batez ere kirol zelaien parean doan zatia, zulo, koska eta gorabeherez josita dago. Makina bat dira Astira doazen herritarrak, bai kirola egitera eta baita paseatzera ere, eta horietako askok adin txikikoak dira. Jakin badakigu istripuren bat eta arrisku egoera ugari egon direla. Beraz, lehen bailehen zuzendu beharreko kontua da”, galdegin du.

Haren irudiko, errepidea konpontzeko borondate politikoa besterik ez da behar, 2015eko aurrekontuetan 100.000 euroko diru-atala baitago aurreikusita hainbat asfaltatze lan egiteko, eta Astikoa lehentasuntzat jo beharrekoa da. “Zarauztarrei eta herriko kirol elkarteei galdetu izan diegunean zer behar ikusten duten, Astiko errepidearena ia beti agertu da. Bai Prest dinamikaren barruan azken boladan eduki ditugun bileretan, eta baita joan den ostegunean ere kalera irten ginenean polikiroldegi aurrean Astirik buruzko iradokizunak, proposamenak eta ideiak jasotzeko. Gugana gerturatu ziren bizilagun ia guztiek gauza bera komentatu ziguten”.

Gai honen inguruan halako adostasuna egonda, EAJk uste du obra maiatza baino lehen gauzatu behar dela. “Udalaren esku dago erantzun azkarra ematea. Dirua baldin badago Astin jatetxe pribatu bati emateko, lehenago honetarako ere egon beharko luke”, azpimarratu dute jeltzaleek.

Bestalde, Txurruka baikor agertu da Entzuteko Prest dinamikaren lehen hitzorduan izandako harrerarekin. Horren barruan, joan den ostiralean EAJk bilgune txiki bat jarri zuen bertatik bertara herritarren ekarpenak eta komentarioak jasotzeko Asti garatzeko bere proiektuaren inguruan. Atletismo pista eta beste zelai bat egitea aurreikusten du proiektuak, besteak beste. “Egiaztatu dugu beharrezko azpiegitura dela eta, batez ere, jendeak ikusioa eta gogoak dauzkala Zarautz hobetzeko bere hondar alea jartzeko. Jasotako proposamenetako asko, datorren legealdirako plangintzan txertatuko ditugu”, aurreratu du.

Share.

Leave A Reply