ALDAPETAKO ETXEBIZITZEN INGURUAN BILDUK EGINIKO “PROMESA FALTSUAK” SALATU DITU EAJK

0

“Urtarrilean edo otsailean zozketatuko zituztela agindu zuten, baina ez dute bete. Kudeaketan trabatu dira beste behin”, kritikatu dute

Aldapetako etxebizitza babestuen inguruan publikoki emandako hitza ez betetzea leporatu dio EAJk Bilduri. “Bilduko Hirigintza zinegotziak iragarri zuen, prentsan eta telebistan, etxebizitzen zozketa 2015eko ‘urtarrilean edo otsailean’ egingo zela, hitzez hitz. Hor dago hemeroteka, erakusteko. Oraingo honetan ere, promesa faltsuak egin dituzte, eta are okerrago, interes alderdikoiek mugituta jokatu dute, hauteskundeei begira, jakin baitzekiten ez zeukatela proiektua zozketa bat iragartzeko lain landuta”.

Jeltzaleek diotenez, ezin da “horren arinki” jokatu. Haien esanetan, epeak ez betetzea “errespetu falta handia” da “Zarautzen etxebizitza eskatzaile bezala izen emanda dauden pertsona guztientzat, 600tik gora hain justu. Ezin da jendearen itxaropenekin jokatu hain delikatua den gai batekin, luzaroan baitaramate konponbide baten zain. Jakin badakigu haietako asko haserre daudela zozketa ez delako egin. Seriotasun handiagoarekin jokatu beharko luke Bilduk”, kritikatu dute. Babestutako 60 etxebizitza egitea aurreikusten da Aldapetan: 12 alokairuan, eta 48 tasatuak.

Iaz emandako prentsaurrekoan, Bilduk adierazi zuen ere etxebibitzak eraikitzen “udaberrian” hasiko zirela, baina EAJk ez dio inolako sinesgarritasunik ematen iragarpen horri. “Zoritxarrez, proiektua ekonomikoki bideragarria denik ez du frogatu Bilduk, oraindik. Hamaika bider eskatu dugu bideragarritasun estudio serio bat egiteko, baina ez digute aurkeztu. Partzelaren tasazio txostenak berak zalantza handiak uzten ditu bideragarritasunaren inguruan, eta kontuan hartu behar da dokumentu neutrala dela”.

EAJren arabera, Aldapetako proiektuak agerian utzi du Bildu “trabatu” egiten dela kudeaketan, eta ez dela gai proiektu estrategikoak aurrera eramateko. “Laburpena oso xinplea da. Hiru urte eta erdian zehar, besoak gurutzatuta egon dira. Funikularraren ordez, igogailua aurreikustea izan da egin duten gauza bakarra. Legealdi bukaeran, berriz, presak etorri zaizkie, eta horregatik erabaki zuten joan den urrian Aldapetako partzela konstruktora pribatu bati saltzea, PPren babesarekin, operazioa aurrera eramateko behar adina berme tekniko eta ekonomikorik gabe, bere garaian salatu genuen bezala”.

Jeltzaleek aurreratu dutenez, kontrol lana egiten jarraituko dute, “proiektuak zarauztar guztien interesei” erantzun diezaien, eta baldintza urbanistiko eta tekniko guztiak bete ditzan. “Pasa den urtean, esaterako, adierazi genuen Plan Berezia aldatzea ezinbestekoa zela proiektuak legea betetzeko, eta hainbat alor hartu behar zirela kontuan, hala nola babestutako etxebizitzen kokapen zehatza, edo Santa Ana Erresidentziarekin egin beharreko akordioa. Bilduk arrazoia eman zigun azkenean, eta Plana aldatu behar izan zen”.

Alokairuzko etxebizitza kopurua 12tik 24ra handitzea ere eskatu zuen EAJk Udalbatzarrean, baina “eskaera horri ez zioten kasurik egin eta gure iritziz atzerapauso handia izan zen. Ez zituzten kontuan hartu Eusko Jaurlaritzak alokairu sozialera bideratutako etxebizitzaengatik ematen dituen dirulaguntzak, 40.000 eurora iristen direnak”.

“Ez dute etxebizitza politikarik”

EAJren irudiko, Aldapetaren kudeaketak argi eta garbi uzten ditu “Bilduren porrota”, eta “etxebizitza politika baten gabezia”: “Neurri bakarra hartu dute; kasu askotan etxebizitza huts bezala hartu ezin daitezkeen jabeen poltsikoak zigortzea”. Hala, jeltzaleek ezagutzera emandako datuen arabera, Bilduk aurreikusita dauka 2015eko aurrekontuetan 930.000 euro biltzea, Ondasun Higiezinen Zergaren errekarguari esker. “Tristeena zera da, dirutza hori ez dela etxebizitza politikara edo alokairua sustatzera bideratuko, behin baino gehiagotan eskatu dugun arren”.

Salatu dutenez, “guk dakigunez Zarautz Lurren bitartez ez zen alokairuzko etxebizitza bakar bat ere kudeatu 2014 urtean”. Beraz, ezinbestekotzat jotzen dute egoera horri aurre egiteko premiazko egitasmo bat jartzea, Aldapeta edo Salberdin bezalako etxebizitza babestuen proiektuak aurrera ateratzeko, eta alokairua bultzatzeko, “ekintzekin, eta ez hitzekin”. “Hori izan da Prest dinamikaren barruan landu dugun eskakizun nagusietako bat. Zalantzarik gabe, datorren legealdiari begira gure lehentasunetako bat ere izango da”, amaitu dute.

Share.

Leave A Reply