UDAL HAUTESKUNDEETARAKO HAUTAGAITZA AURKEZTU DU EAJ-PNVK

0

“Asko prestatutako” lan taldea aukeratu du, herria “oso ondo ezagutzen duena”

EAJ-PNVk jakitera eman du dagoeneko zeintzuk izango diren datorren maiatzaren 24ko Udal hauteskundeetan bere hautagaitza osatuko duten zarauztarren izenak. Aho batez eman zioten babesa aukeratutako lan taldeari afiliatuek, batzarrean bilduta. “Lanerako gaitasuna, formakuntza, prestakuntza, ilusioa, eta herriaren ezagutza sakona” dira zerrendakideen ezaugarri nagusiak: “Zarautzen bizi dira guztiak, konprometituta daude edo egon dira herriko kirol, kultur eta boluntariotza arloko taldeekin, eta beraien balio profesionala erakutsi dute politikatik kanpo”, azpimarratu dute jeltzaleek.

Hautagaitza “gaztetu eta berrituaren” aldeko apustua egin du alderdiak. 2011N aurkeztutakoarekin alderatuta, hamabi aurpegi berri aurki ditzakegu (erdia baino gehiago). Horietatik lau, lehen hamar postuen artean. Guztira hamabi gizon eta bederatzi emakume dira, batez besteko 46 urteko adinarekin. Hautagaitza jeltzalearen eraldaketa islatzen duen beste datu bat da, lehen hamar hautagaien artean, postu bakarra errepikatzen dela 2011koarekin konparatuz. Gainerako bederatziak aldatu egiten dira, Xabier Txurruka zerrendaburua barne hartuta.

Zarauztarra eta euskaldina da Txurruka. 42 urte ditu, ezkonduta dago, eta bi semealaben aita izan da duela gutxi. Perfil tekniko nabarmena duen hautagaia da. Bere ibilbidea sektore pribatuan egin du orain arte; 15 urteko eskarmentua du hirigintzan trebatutako arkitekto gisa, batik bat babes ofizialeko etxe-proiektuen garapenean. Herriko hainbat jarduera antolatzen ere lagundu du, Euskal Jaiko, Kabalgatako eta Bizar Zuriko karrozak egiten, edota Zarauzko San Silbestre lasterketa arrakastatsuko lehen edizioak martxan jartzen. EAJ-PNVko afiliatua da 2007az geroztik, eta baita Zarauzko Uri Buru Batzarreko lehendakaria ere.

Maite Garrastazuk betetzen du bigarren postua. 47 urteko dendari eta ekintzailea da eta bigarren legealdia izango du zinegotzi bezala. Bukatzera doan legealdian, oposiziotik egin du lan Herrilan eta Zerbitzuetako eta Hirigintzako udal batzordeetan. Azken urtean zehar Giza-Ongizatekoan ere parte hartu du. Hirugarren lekuan, Jesus Arana aurkezten dute. Industria ingeniaria, enpresa txiki bateko gerentea da eta 51 urte ditu. Bere lanbidea udal eginkizunekin uztartu du legealdi honetan: klutura eta euskara batzordean parte hartu du, eta koordinazio eta turismokoetan ere tarteka. Halaber, EAJren ordezkaria izan da Hondakinen mahaian eta kulturari lotutako mahaietan.

Zerrendako beste berritasunetako bat Nekane Iribarrena da, laugarren postuan aurkezten dutena. Ondoren dator Ixidor Larrañaga, alderdia Obra eta Hirigintzako batzordeetan ordezkatu duena. Baita kiroletakoan ere legealdiko azken txanpan. Udal talde jeltzaleko bozeramale eta duela lau urteko hautagai Imanol Lasa, berriz, zerrendako seigarren postuan agertzen da. Berrikuntza eta haize berriak eskarmentu politikoarekin uztartu nai izan du EAJk, eta ildo horretan, Lasa “sekulako bermea” dela azpimarratu du: “Udala eta udal pertsonala ondo ezagutzen du, tramiteek eta mekanismoek nola funtzionatzen duten badaki, eta kudeatzaile bikaina dela erakutsu du”.

Aipatu beharra dago ere hamaikagarren postua betetzen duen Juantxo Larrañaga. Urte askoan zehar Zarauzko Kutxako zuzendari izandakoa, jubilatua dago egun, baina Donostiako Nagusilan adinekoen elkarteko zuzendaritza batzordeko kide aktiboa da, Zarauzko Nagusilaneko irteeren koordinatzailea, eta baita Santa Ana egoitzako zuzendaritza batzordeko kidea ere. Maribel Albizuk ixten du hautagaitza. Udalean ongizate arloan egindako lanagatik nabarmentzen da, eta EAJk bere ibilbidea eta “zarauztarren bizi-baldintzen hobekuntzarekiko konpromisoa” aitortu nahi izan du, ohorezko postu hori eskainiz.

Bere lan taldearen balioa azpimarratu du EAJk, dimentsio bikoitzean. Alde batetik, pertsonalean, “umiltasuna edota dedikazioa” bezalako baloreetan sinisten duelako. Eta bestetik, profesional-teknikoan: “Badauzkagu irakasleak, arkitektoak, zirujauak, erizainak, abokatuak, ingeniariak, gizarte langileak, adinimistratiboak, kirol entrenatzaileak… sektore askotarikoak, baina guztiak ere langileak, serioak eta profesionalak direla erakutsi dutenak”. Herriko mugimenduekin duten lotura estua ere ekarri du gogora. “Zarautz herri dinamiko eta aktiboa da. Elkarlanean aritzen dakiena eta bizitzaren zentzu kolektibo eta komunitario argua duena. Besoak gurutzatuta geldittzen ez dena. Gure hautagaitzak nortasun hori islatzen duela uste dugu”.

Guztien helburua, EAJren esanetan Zarautzentzat etorkizuneko proiektu “serio eta eraginkorra” aurrera eramatea da: “Ideia eta lehentasun garbiekin, inposaketarik gabe eta denontzat gobernatuz, ez gutxi batzuentzat. Azken hilabeteetan zehar, asko dira gure herriak aldaketa baten premia duela helarazi diguten zarauztarrak, eta aldaketa hori gauzatzea da gure asmoa, akordioetatik abiatuta, eta inor baztertu gabe”.

1. Xabier Txurruka Fernandez 42 urte
2. Maite Garrastazu Aranguren 47 urte
3. Jesus Arana Gomez 52 urte
4. Nekane Iribar Iriondo 50 urte
5. Ixidor Larrañaga Aierbe 44 urte
6. Imanol Lasa Zeberio 41 urte
7. Iban San Martin Hernandez 31 urte
8. Miren Letamendia Belloso 36 urte
9. Jonan Urdangarin Urrutia 23 urte
10. Iratxe Zorrozua Egiazabal 42 urte
11. Juantxo Larrañaga Arruti 74 urte
12. Amaia Altube Galdos 41 urte
13. Diego Giron Barquero 35 urte
14. Ines Roca Pajuelo 33 urte
15. Koldo Uribarri Zenekorta 45 urte
16. Leire Iruretagoyena Larrañaga 33 urte
17. Iker Basurko De Miguel 49 urte
18. Begoña Aizpurua Salegi 71 urte
19. Fco. Javier Murgoitio Lazkano 55 urte
20. Peru Bazako Atutxa 60 urte
21. Maribel Albizu Barrenetxea 72 urte

Share.

Leave A Reply