AGINDUTAKOA BETEZ, SANTA KLARAKO PASONIBELA KENTZEKO OBRAK MARTXAN DIRA

0

Legealdi honetarako Agintaldi Planean aurkeztu genituen proiektu estrategikoen artean, Santa Klarako pasonibela kentzeko obra proiektu nagusienetako bat da, eta aste honetan bertan, martxan jarri dugu. Lanak Construcciones Zubieder S.L., Construcciones Mariezcurrena S.L. eta ECISA, compañía general de construcciones S.A. enpresek osatutako UTEak burutuko ditu, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura saileko erakundeak osorik ordainduko duen 1.933.815,28 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Obra hau hiriguneetan dauden eta trafiko intentsitate handia jasaten duten trenbide pasaguneak pixkanaka kentzeko Euskal Trenbide Sareak aurrera daraman politikaren baitan kokatzen da.

Tapia_txurruka

Herritarron segurtasuna helburu

“Barrera hau kentzea eskaera historikoa da, ehunka lagunek gurutzatzen baitute egunero arrisku handiarekin, eta hori ekidin behar da,” iritzi du Alkateak. Proiektu honek herritarren segurtasuna bermatzea du helburu, eta horretarako, pasonibel hau trenbide azpitik joango den beste pasabide bategatik ordezkatuko da. Aurreikusitako jarduketa horren barruan hormigoi armatuzko kaxoi bat egingo da, azpialdeko igarobidea gauzatzeko. San Frantzisko eta Santa Klara kaleen egungo kotaren eta proiektaturiko kaxoiaren beheko kotaren artean sortzen den maila aldaketa gainditzeko, arrapala eta eskailera soluzio konbinatua planteatzen da. Arrapala horien bitartez, sarbidea mugikortasun urria duten pertsonentzat guztiz irisgarria izatea bilatzen da. Horrez gain, San Frantzisko kaleko sarbidetik bi eskailera tarte eraikitzea planteatzen da, Geltoki eta Herrikobarra kaleetara zuzenago irten ahal izateko. Azkenik, une honetan dagoen trenbide pasagunea seinaleztatzen duten elementuak kendu eta egungo pasagunea itxi egingo da.

Bidea 18 hilabetez itxita

Obrak irauten duten bitartean bidea itxi egingo da eta herritarrok, beraz, ezingo dugu gune honetatik igaro Alde Zaharrera iristeko. Neurri hau oinezkoen eta obrako langileen segurtasuna bermatzeko hartu da, eta beraz, pasabideko erabiltzaileek ezingo dute trenbidea zeharkatu Alde Zaharrera edo Azken Portura joateko, eta Bizkaia kalea erabili beharko da alternatiba bezala. Trenak normaltasunez zirkulatuko du, baina azpiegitura batzuk desbideratuko dira ura, elektrizitate, telekomunikazio eta saneamendu kanalizazioak pasatzeko. “18 urtez pasonibela ixtea ez da kapritxo bat. Eragozpenak eragingo dituela ulertzen dugu, baina obra segurtasunez eta neurri guztiak errespetatuz burutu behar da,” adierazi du Txurruka alkateak.

Herritarroi eragingo diguten aldaketa batzuk ere izango dira denbora tarte honetan. Horrela, Lagunak jatetxeko eta San Frantzisko kaleko bidegurutzean dagoen zamalanetarako gunea udara bitartean mantenduko da, eta ondoren, unean-unean erabili ahalko da. Bidea Lagunak parean itxiko da eta beste aldeak eragin gehiago jasango du, Salberdingo aparkalekura bidea itxi baita, eta obrara sarbidea Otzarreta jatetxe parean ezarri da. Kokaleku honetan itxidura garden bat jarri da, baina eskaratzetara eta Santa Klarako elizara joateko bide bat gaitu da, Azken Portu aldetik.

Bestalde, Herrikobarra eta San Frantzisko kaleen bidegurutzean dauden hondakinen edukiontziak Dia supermerkatuko aparkalekura mugitu dira. Edukiontzi hauen erabiltzaileei eskatzen zaie kokaleku berria errespetatu dezaten euren etxebizitza eta establezimenduetatik hondakinak ateratzerako garaian, herriko beste guneetan hondakinak pilatu ez daitezen. Obrako biltegiari dagokionez, Astazubi plazan kokatu da eta lanetarako etxolak Salberdingo parkinaren txoko batean egongo dira, aparkalekuko zortzi leku bakarrik betez.

IMG-20170217-WA0014

Informazio gunea, komunikatzaile batekin, Herrikobarrako 34. zenbakian

Euskal Trenbide Sarea obra honetaz baliatuko da proba pilotu bat martxan jartzeko. Informazio gune bat ezarri du, interesa duten herritarrek obraren inguruan dituzten kezka guztiak argituko dituen komunikatzaile batekin. Herrikobarra kaleko 34. zenbakian kokatu den informazio gunean (parafarmazia parean) Aitor Elizasu teknikari eta komunikatzailea egongo da obrak irauten duen bitartean interesa azaltzen duten guztien kezka eta iradokizunak jasoz. Nahiago dutenek, ondoko telefono zenbakira deitu dezakete Elizasurekin harremanetan jartzeko: 683 492 196.

 Zarauzko mugikortasuna hobetuz

Txurrukak azaldu duenez “azpibideak Santa Klara inguruko urbanizazioa berritzea ekarriko du eta, ideia nagusia, legealdi amaierarako Astazubi plaza Santa Klara, San Frantzisko eta Zigordia kaleekin lotzea da, galtzada-harrizko zoruarekin. Dena peatonalizatua egongo da, Zigordia kalean bezala. Hau guztia, ostalaritzarentzat eta merkataritzarentzat onuragarria izango dela uste dugu, baita zarauztarrentzat ere.”

Zentzu honetan, herritarrekin ospatutako bileretan sortutako kezketako bat lur azpiko pasabidetik bizikletaz pasatzeko aukera izango ote den ala ez izan zen. Txurrukak erabiltzaileak bizikletatik jaitsi beharko zirela azaldu zuen, bizikleta ibilgailu bat denez, horrelako espazio estu batean oinezko eta txirrindularien arteko errespetua sustatu behar dela adieraziz. Hala, “zentzuz” jarduteko eskatu zuen.

Share.

Leave A Reply