HAMABOST URTE ZAIN EGON ETA GERO, ZARAUTZEN BABESTUTAKO ETXEBIZITZAK ERAIKIKO DIRA

0

Eusko Jaurlaritzarekin izandako harreman onei esker, Aldapetan etxebizitza babestuak eraikitzeko proiektua errealitatea da

Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Etxebizitza eta Lurra S.A. Sozietate publikoaren, VISESAren bitartez, Vista Alegre auzoa eta Santa Ana egoitzaren artean dagoen lursailean eraikiko dituen etxebizitza tasatuen proiektua, egun, errealitatea da. Xabier Txurruka alkateak gogoratu du hamabost urte direla babes ofizialeko etxebizitzen sustapenik garatzen ez dela gure herrian, eta Visesarekin hitzartutako akordioak proiektu honen desblokeoa lortu duela: “Hitzarmen honekin Eusko Jaurlaritzarekin partekatzen dugun helburua betetzeko aukera dugu: zarauztarrentzat etxebizitza bat izateko aukera errealitate bihurtzea eta gai honen inguruan lanean jarraitzeko aukera izatea. Azken finean, 2016-2019ko Etxebizitzarako Udal Planean azpimarratzen dugun bezala, zarauztarrei gure herrian etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri batez gozatzeko erraztasunak ematea da gure helburua. Duela bederatzi hilabete aurkeztu genuen Etxebizitza Plana. Bederatzi hilabete hauetan egunero jardun gara lanean. Eta urte berriarekin hasi gara hitzemandakoa betetzen”.

Izan ere, Zarauzko Udalak, VISESA sozietate publikoarekin sinatu zuen hitzarmenarekin, Aldapetako babes ofizialeko 50 etxebizitzen sustapena sortzeko lehen pausoa eman zuen, eta Eusko Jaurlaritzari eman zion 2,5 milioiko aurrekontua duen proiektu hau garatzeko beharrezko lur-zorua. Partzela honetan, 50 etxebizitza eraikiko dira: hauetatik, 30 tasatu izango dira eta beste 20 alokairurako bideratuko dira. Etxebizitza tasatuen artean, lau izango dira bi gelakoak eta beste 26 etxebizitza hiru gelakoak, 66 eta 90 metro karratu bitarteko azalera izango dutelarik.

Eraikin berriaren lurpean garaje eta trastelekuak izango dira 50 etxebizitzetako erabiltzaileentzat, baita ekipamendurako zuzendutako hiru lokal. Zarauzko Udalak guztira 300 metro karratuko azalera duten bi lokal emango dizkio jabetzan Santa Ana Fundazioari, Udaletxeari saldutako lurren ordain bezala. Hirugarren lokala Gizarte Zerbitzuei zuzendua egongo da. Aldapetako obrak urte honen amaieran edo 2018aren hasieran hasiko dira eta 2019 bukaeran emango dira.

Prezio eskuragarriak

Etxebidek aste honetan eman ditu jakitera etxebizitza tasatu hauen behin betiko prezioak. Honela, bi etxebizitza gordeko dira elbarrituentzat, bi logelakoak, 219.688,46 eurotan bakoitza. Besteek hiru logela izango dituzte eta 219.277,88 euro, 228.819,14 edo 232.788,14 euroko prezioa izango dute azaleraren arabera. Bere aldetik, atikoan hiru etxebizitza eraikiko dira, bi logelako bi eta bat hirukoa. Bi logelakoak 186.792,63 eurotan eta 191,045,13 eurotan salduko dira eta hiru gela dituena, berriz, 202.409,60 eurotan. Aldapetako 30 etxebizitza tasatuen prezio horiei BEZa eta garajeen (16.300 eta 25.500 euro artekoak) eta trastelekuen (4.875 eta 9.005 euro artekoak) kostua gehitu behar zaizkie.

“Zarautzen etxebizitza librearen prezioa oso altua da eta etorkizuneko Aldapetako etxebizitzen prezioak oso interesgarriak iruditu zaizkie eskatzaileei. Zarautzek hamabost urte daramatza etxebizitza babesturik sustatu gabe eta horregatik, Aldapeta eta Salberdin legealdi honetako lehentasunetako bi dira. Bi proiektuak aurrera eramateko gogor aritu gara lanean”, nabarmendu du Txurrukak.

Ia bostehun zarauztar zozketako zerrendetan

Aldapetako lur sailean eraikiko diren etxebizitza tasatuen zozketarako izena emateko epea urtarrilaren 9an zabaldu zen urtarrilak 23 bitartean. Hala, denbora tarte horretan, 493 pertsonek erakutsi zuten 30 etxebizitza babestu hauen esleipen prozesuan parte hartzeko interesa. “Argi geratu da zarauztarrak momentu honen zain zeudela. Etxebizitza publiko hauek bideragarri egin behar ziren eta VISESArekin lanean aritu gara aurrera ateratzeko. Oso pozik gaude promozioak sortu duen interesa erreala izan delako eta Eusko Jaurlaritzari oso eskertuta orain arte egindako lanagatik”, azaldu du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak, Etxebide eta Zarautz-Lurren bulegoan jasotako datuak jakin bezain pronto.

Aste honetan, behin erroldak baieztatu eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioko Lurralde Ordezkaritzara bidali ostean, zozketan parte hartuko duten pertsonen behin-behineko zerrendak argitaratu dira. 422 zarauztar dira guztira. Izan ere, zerrendak errepasatu ondoren, 35 eskatzailek Etxebideko baldintzak betetzen ez zituztela egiaztatu da eta beste 36 eskatzaileri erroldaren baldintzak betetzea falta zitzaien. Beraz, 422 dira onartu diren eskaerak. Zerrendak Etxebiden (www.etxebide.euskadi.eus), Zarautz-Lurren bulegoan (Salegi kaleko 14. Zenbakian, gazteleku ondoan) edo, nahiago duenak, www.zarautz.eus udal web orrian kontsulta ditzake. Hurrengo pausoa zerrendak hilabetez berraztertzea izango da eta alegazioak erantzutea. Behin epe hori pasata, behin betikoz onartuko dira eta jarraian, zozketarako deialdia egingo da, esleipen prozesua nola burutuko den zehaztuz. Hurrengo pausoa zerrendak hilabetez berraztertzea izango da eta alegazioak erantzutea. Behin epe hori pasata, behin betikoz onartuko dira eta jarraian, zozketarako deialdia egingo da, esleipen prozesua nola burutuko den zehaztuz.

“Etxebizitza publiko hau sustatu eta errealitate izateko esan genituen epeak betetzen ari gara. Hitz eman genuen eta oso eskertuta gaude Visesarekin proiektu hau aurrera ateratzeko jarri duen interesagatik”, azaldu du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak.

Igogailua Vista Alegreko irisgarritasuna hobetzeko

Alkateak azaldu duenez “proiektuak Vista Alegreko komunikazioa erraztuko duen igogailua ere barne hartzen du. Horrela, igogailuak San Inazio kalearen eta etxebizitzak eraikiko diren plazaren arteko lotura izango da, eta plaza honetan bertan eraikiko da Vista Alegrera iristeko beste igogailu bat, zehazki, Sarakatua dorrearen altuerara, auzoak dituen mugikortasun arazoak konponduz.”

Share.

Leave A Reply