VISTA ALEGREK ETA AZKEN PORTU GOIAK IGOGAILUA IZANGO DUTE LEGEALDI HONETAN

0

 

Vista Alegre eta Azken Portu Goiak igogailua izango dute legealdia honetan. Gobernura iritsi ginenetik, Xabier Txurruka alkatea buru duen Hirigintza saila Zarauzko gune altuenetan dauden bi auzo hauetan irisgarritasuna hobetzeko lanean ari da.

Udaletxean edo www.zarautz.eus udal web orrian eskuragarri dagoen 2016-2019 Agintaldirako Planean Zarauzko gune altuenetan dauden auzoetan irisgarritasuna hobetzeko baliabideak jartzea aurreikusten dugu. Hala, dokumentuan Vista Alegre eta Azken Portu Goiak legealdi honetan hobekuntza horiek izango dituztela ageri da. “Herribusa izateaz gain, Azken Portu Goia eta Vista Alegrek eguneko 24 ordutan irisgarritasuna bermatzeko zerbitzu publikoa izatea nahi dugu”, nabarmendu du Txurrukak.

Zentzu honetan, Vista Alegreko igogailua Aldapetako urbanizazio proiektuaren barruan dago sartuta. Bi igogailu eraikiko dira: batak San Inazio kalea Aldapetako etorkizuneko plaza berriarekin lotuko du eta besteak, plaza hau Sarakatua dorrea dagoen espazioarekin pasarela baten bitartez. “Vista Alegreko bizilagunek urteetan zehar egin dute eskaera hau, auzora iristeko igo eta jaitsi behar duten aldapa ekiditeko. Legealdietan zehar proiektu hau gauzatuko zela hitzeman izan zaie behin eta berriro. Legealdi honetan nola eraikitzen den ikustea espero dugu, Visesarekin (Eusko Jaurlaritza) Aldapetako urbanizazioa eta etxebizitza babestuen sustapena bultzatzeko sinatutako akordioari esker”, adierazi du alkateak. Hala, Aldapetan aurten edo 2018 hasieran eraikitzen hastea aurreikusten dugu. “Gure asmoa igogailuaren urbanizazioa etxebizitzak entregatu aurretik hastea litzateke. Honela, instalazioa legealdi honetan jarriko genuke martxan”, aurreratu du Txurrukak.

vista alegre igogailua

Azken Portu Goiko igogailuari dagokionez, Udal honek, Zarautz-Lurren bitartez, Salbide eta Azken Portu Goiaren artean dagoen aldapa ekiditeko asmoz, igogailu bat eraikitzeko proiektua enkargatu zuen. Igogailuak izango duen pasarelak trenbidearen gainetik igaro beharko du. “Igogailu hau EAJ-PNVk duela urte batzuk Azken Portu Goiarekin egiteke zuen promesa da. Hori dela eta, Alkatetzara iritsi ginenean hitzemandakoa betetzeko gogor lanean hasi ginen”, nabarmendu du Txurrukak. Gainera, alkateak proiektua aurkeztu zuen herritarren aurrean pasa den urteko Mugikortasun Astearen baitan. Auzoko bizilagunen harrera oso ona izan zuen.

azken portu igogailua

Azken Portu Goia: Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak Udalek irisgarritasun planak egin eta herrietan eta eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko obrak egiteko diru-laguntza lerro bat du. Besteak beste, diru-laguntza hauen bitartez, igogailuak egiteko eskaintzen da laguntza eta Zarauzko Udaletik Etxebizitza zuzendaritzari luzatu diogu eskaera, behin diru-laguntza zehaztuta, “auzoaren irisgarritasuna hobetzeko horren garrantzitsua den” Azken Portu Goiko igogailua egin ahal izateko: “Eusko Jaurlaritzak ematen dituen diru-laguntzak zehazterakoan lanekin hasiko ginela zin egin nuen eta erantzuna laster jasoko dugu. Onartuz gero, laguntza garrantzitsua izango dugu, 150.000 eurokoa”. Txurrukak EAJ-PNVk duela bi legealdi proposatutako proiektua dela gogoratu du. “Hitzemandakoa betetzeari garrantzia handia ematen diot. 2017ko aurrekontuek horretarako aukera eskaintzen badigute, erabakiko dugu aurten bertan edo datorrenean hastea obrekin. Argi dagoena da Azken Portu Goiak igogailua izango duela legealdi honetan”, ziurtatu du alkateak.

Halaber, azpiegitura trenbide gainetik pasatzeko ETSren baimena jasotzeko zain dago Udal hau. “Santa Klarako pasonibela kentzeko obrekin hasi gara eta Azken Portu Goiko igogailua egiteko baimenak jasotzeko lanean ari gara. ETSrekin dugun harreman onari esker, Zarauzko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzen ari gara eta oso eskertuta gaude Eusko Jaurlaritzarekin. Badakigu esfortzu handia dela guztiontzat”, gaineratu du alkateak.

Share.

Leave A Reply