ZARAUZKO HERRI AUTOBUSAREN 3.LINEA MARTXAN DA

0

Linea berri hau egungo bi herri-busen ibilbideen osagarria da eta Ikastetxeetako ikasleei zein Abendañoko langileei zerbitzua ematen die

Maiatzak 25ean ospatutako Udalbatzan Zarauzko herri busaren 3.linea martxan jartzea onartu zen. Agintaldi Planean agindu bezala, Zarauzko garraio publikoa sustatzeko lanean ari gara eta, hala, hirugarren linea bat jarri dugu martxan, herriak dituen mugikortasun beharrei erantzuna emanez.

Linea berri honen helburua egungo bi autobusen ibilbideen osagarria izatea da, Zarauzko Ikastetxe guztietatik igaro eta Asti kirolguneko ordutegiak indartuz. Honez gain, Abendaño industrialdera ere, azkenean, autobusa iritsiko dela adierazi du Maite Garrastazu Mugikortasun zinegotziak: “Mugikortasun behar handiagoak dituen biztanleria geroz eta autonomoago baten aurrean gaude eta, Mugikortasun sailetik, egun Zarauzko herri-busak dituen zenbait gabezia asetzeko beharra ikusten dugu. Hirugarren linea honen ibilbideak herriko puntu guztiak lotzen ditu, herritarren beharrak asetuz”. Garrastazuk azaldu du, “berrikuntza nagusia Abendaño industrialdean lana egiten duten erabiltzaileei zerbitzua ematea da. Bost geltoki ditu bertan, enpresa guztietako langileei herri-busean mugitzeko aukera emateko. Gainera, ordutegiak zehazterako garaian, hainbat faktore izan ditugu kontuan, besteak beste, trenaren ordutegia, lan sarrera-irteerak eta eskoletako ordutegiak”.

“Egun dagoen autobus zerbitzua hobetzeko apustua egiten jarraitzen dugu. Horretarako, Udaletik autobus berriak erosi genituen, erosoak, herri barruan ibiltzeko egokituak eta mugikortasun arazoak dituztenentzat egokituta. Herritarrek dituzten beharrak aztertu ondoren, hirugarren ibilbidea martxan jarri dugu, herri iraunkorra izateko helburuarekin lanean jarraitzeko”, azaldu du Garrastazuk.

“Hirugarren linea honek astelehenetik ostiralera emango du zerbitzua eta neguan eta udan ibilbide desberdina izango du, beharrak ere desberdinak direlako”, jakinarazi du zinegotziak. Neguan Astira joango da arratsaldero eta, udan, ohiko ibilbidea egiteaz gain, egunean zehar Astira eta Talaimendi kanpinerako ibilbidea beteko du. Ibilbidea Maria Etxetxikin hasten da. Mitxelena kaletik jarraituz, tren geltokira doa eta bertatik, Azken Portututik pasata, industrialdera. Bertan bost geltoki egiten ditu. Ondoren, Araba kaletik jarraituz, Astira joan eta bueltan, Maria Etxetxikin egiten du azken geldiunea. Ordutegiari dagokionez, zerbitzua goizeko 6.45ean hasten da eta gaueko 21.45ean amaitu, ordu erdiko eta ordu beteko frekuentziekin. Gainera, sei geltoki berri ditugu ibilbide honetan eta beste sei geldiunetan beste bi lineekin bat egiten du: “Honela, autobusek bat egiten duten geltokietan erabiltzaileek autobus aldaketa egiteko aukera dute, eta hala, nahi duten helmugara iritsiko dira. Autobus aldaketa hauek doan dira erabiltzaileentzat”, jakinarazi du Garrastazuk.

Arlo ekonomikoari dagokionez, martxan jarri den linea berri honek 103.000 euroko kostea du eta espero diren diru sarrerak 20,000 eurokoak direla azaldu du zinegotziak: “Egun daukagun zerbitzuak, hau da , bi autobus lineak,  450.000 euroko kostea dutela aipatu nahiko nuke. Diru sarrerak 104.000 eurokoak dira, eta beraz, Udaletxeari 345.000 euro kostatzen zaio bi autobus lineak martxan izatea. Guztira, hiru lineak Udalari 414.000 euro kostatuko zaizkio”. Azkenik, Garrastazuk “erabiltzaile kopurua urtetik urtera igotzen doala” jakinarazi du. Datuak ondokoak dira: “2013 -2014 urtean 180.000 bidaiarik erabili zuten herri-busa; 2014-2015   urtean  194.000 bidaiarik, eta, 2015-2016 urtean 222.900 erabiltzailera igo da bidaiari kopurua. Hirugarren linea honekin 5.000 bidaiari gehiago izatea espero dugu.

Share.

Leave A Reply