HASI GARA MODELO ZINEMA ERABERRITZEKO LANEKIN

0

Udalak Construcciones Goitu Eraikuntzak S.L. enpresari esleitu dizkio obrak eta 24 astez luzatuko dira, 815.318 euroko aurrekontuarekin

Modelo zinema eraberritzeko lanekin hasi gara dagoeneko. Abenduaren 11ean hasi ziren eta 24 aste iraungo dute; hortaz, datorren udarako zarauztarrok Modelo berritua izango dugu. Zarauzko Udalak Construcciones Goitu Eraikuntzak S.L. enpresari esleitu dizkio eraikin enblematikoaren barrualdea birgaitzeko lanak, 815.318,10 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin.

Obra honi esker, Zarauzko ekitaldi kulturalen eskaintza zabalduko dugu. “Abuztuan, urtea amaitu aurretik Zarauzko bihotzean dagoen eraikin enblematikoa berritzen hasiko ginela aurreratu genuen eta esan genuena beteko dugu. EAJ-PNV Udal taldearentzat lehentasuna duen obra da hau. Zarauzko Udaleko Kultura sailak koordinatuta eskaintzen den egitarau zabal eta anitzari, zine komertzialari eta herriko talde ezberdinek antolatzen dituzten ekitaldiei esker erantzun oso ona duen kultur espazioa da. Bizitza handia du eta astero ehunka pertsona erakartzen ditu”, nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak.

“Legealdi honetan udal ekipamenduak, bai kultura arlokoak eta baita kirolari loturikoak, hobetzeko apustu sendoa mantentzen dugu. Zentzu honetan, eta gure Agintaldiko Planari jarraiki, Modeloko instalazioak hobetzeko garaia iritsi da. Eskaintza kulturala zabaltzeko aukera eskainiko digu honek eta bertaratzen diren guztiak egungo trabarik gabe ekitaldiekin gozatuko dute”, gaineratu du Txurrukak. Modelo zinemaren eta ondoan dituen etxebizitzen eraikina Felix Llanos Goiburuk 1948an idatzitako proiektuan oinarrituta eraiki zen. Zarauzko Udalak aginduta, birgaitze partzialaren proiektua IHG Arquitectura y Urbanismo estudioak idatzi du.

Kultura zinegotzi den Nekane Iribarrek azaldu duenez, “obra hauek euren konplexutasuna dute. Hala, teilatuaren eraberritze osoa eta isolamendu termikoa jasotzen du proiektuak eta berogailu eta aireztatze sistema egokiak instalatuko dira. Halaber, instalazio elektrikoaren egokitzapena egingo da eta behe solairuko eta lehen pisuko komunak berrituko dira. Butaka guztiak ere berriak izango dira. Gainera, legeari egokitzeko eraberritze lanak egingo dituzte, suteen aurkako segurtasuna, erabilerari dagokiona eta irisgarritasuna bermatuz”.

Zentzu honetan, aste honetan bertan butaka berriak aukeratzeko lanean aritu gara. “Lokalak gaur egun aforo mugatua du, 200 pertsonentzat, ebakuazio segurtasun neurriak direla medio behe solairua soilik ireki daitekeelako. Segurtasun arazo hauei erantzuten die proiektuak eta, hortaz, obrak egin eta gero ebakuazio sistemarekin bat, 440 pertsona ingururentzat aforoa izango du Modelok, honela banatuta: butaka patioa (246 pertsona) eta zine emanaldietarako anfiteatroa (192) banatuta “, aurreratu du Iribarrek. Inbertsio honi esker, butaka patioan, zoladura guztia berritzeaz gain, oholtza berria jarriko da eta artistek, orain arte ez bezala, kamerinoak izango dituzte.

“Gaur egun ditugun gabezia askori erantzungo dio Modelo zinema berriak; aforo handiagoa izango du eta behar bezala hornitua egongo da. Modeloren eraberritze lanak hasi ziren egun berean, abenduaren 11ean, datorren urteko aurrekontuei behin behineko onarpena eman genien Udalean ospatu genuen ez-ohiko udalbatzan. 2018a potente dator eta legealdiaren bi urte eta erdi hauetan egindako lanaren fruituak ikustea espero dugu”, burutu du Txurrukak.

Share.

Leave A Reply