APIRILEAN HASIKO DIRA ALDAPETAKO ETXEBIZITZAK ERAIKITZEKO LANAK

0
  • Eusko Jaurlaritzako VISESA erakunde publikoak Altuna y Uria S.A eta Sacyr Construcción S.A enpresek sustatutako aldi baterako elkarteari esleitu dizkio Aldapetako urbanizazio lanak.
  • Vista Alegreko igogailua eraikitzeko lanak aurreratzeko eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari, 2019 urteko udarako eraikita egoteko.

Agintaldi hasieran, Etxebizitza Plan bat jarri genuen martxan eta, bertan, besteak beste, Aldapetako eta Salberdingo eremuak garatzea dugu helburu. Hala, Aldapetako proiektuak, hainbat aurrerapauso eman ditu agintaldi honetan eta, Xabier Txurruka alkateak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako VISESA erakunde publikoak obrak esleitu dituela jada: “VISESAk Altuna y Uria S.A. eta Sacyr Construcción S.A. enpresek sustatutako aldi baterako elkarteari esleitu dizkio Vista Alegreko hiri igogailua, Aldapetako urbanizazioa eta etxebizitzak eraikitzeko lanak”. Bi enpresek osatutako elkarteak egindako eskaintza ekonomikoa 6.768.097 eurokoa izan da, BEZ gabe. “Proiektuan lizitazioko prezioa bez gabe 8.205.387 eurokoa zen eta, prezio berri honekin, proiektuaren kostea %17,5ean jaitsi da” azaldu du alkateak. Proiektua garatzearekin batera, agintaldi honetan 2016ko apirilaren 28an VISESA-rekin adostutako hitzarmenean jasotako guztia gauzatuko dugu.

Hala, hasierako gure plangintzan aurreikusitako guztia martxan da. Enpresa eraikitzaileek etxebizitzak eta igogailua eraikitzeko lanak 26 hilabeteetan burutzeko eskaintza egin dute, eta apirilean hasiko direla jakinarazi dute. Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzari Vista Alegreko igogailuaren lanak aurreratzeko eskatu diogu: “Urbanizazio lanek 26 hilabeteko epea duten arren, hiri igogailuaren lanak aurreratzeko eskaera egin dugu. Gure asmoa, urte eta erdi barru inguru igogailua martxan egotea da, alegia, 2019ko udarako”, jakinarazi du Txurrukak. Proiektuan jasotzen dugun bezala, Vista Alegre auzoko irisgarritasuna erraztuko duten bi igogailu eraikiko dira: bata, San Inazio bidea eta Aldapetako plaza lotuko dituena eta, bestea, pasarela baten bidez, Aldapetako plaza eta Sarakatua dorre ingurua lotuko dituena.

        

Alkateak gogorarazi duenez, Aldapetako partzela eraikigarria Visesari saldu zion Udalak, Zarautz Lur erakunde publikoaren bitartez: “Prezio horren barruan Udalak 860 metro koadro lokaletan eta aparkaleku plaza batzuk jasoko ditu. Bere aldetik, VISESAk 50 etxebizitza eraikiko ditu; hauetako 20 erregimen orokorreko babes ofizialekoak izango dira eta 30 erregimen autonomikoko etxebizitza tasatuak. Azken hauek 2017ko maiatzean zozkatu ziren Gasteizen”. Txurrukak aurreratu du Udalak babes ofizialeko 20 etxebizitza horiek bereganatu eta alokairura bideratzeko aurreikuspena duela: “Etxebizitzak eraikita daudenean finkatuko dira alokairuko apartamentu hauen baldintzak eta hurrengo agintaldiko Korporazioari tokatuko zaio lan hori burutzea. Egungo Korporazioak erosita utziko ditugu babes ofizialeko etxe horiek, Udalak jabetzan edukitzeko. Erreferentzia bezala, gaur egun Udala 15 etxebizitzen jabe da Aritzbatalde inguruan eta, 20 etxebizitza hauekin, bikoiztu egingo dugu alokairurako izango dugun etxebizitza kopurua”.

Share.

Leave A Reply