AISA, Etorkinentzako harrera ikastaroak aurkeztu dituzte

0

Euskal kulturarekin harremanik izan ez duten atzerritarrei zuzendutako oinarrizko euskara ikastaroak dira, eta harrera bikaina izan dute azken urteetan

Maribel Albizu Gizartekintza zinegotziak dei egin die herriko bizilagun berriei ikastaroetan parte hartu eta euskarara gertura daitezen

Zarautzek euskaran lehen pausoak emateko aukera eskainiko die aurten ere beste herrialdetarik iritsitako bizilagunei, HABEk Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Saileko Inmigrazio Zuzendaritzarekin lankidetzan antolatzen dituen AISA, harrera ikastaroen eskutik. EAEn bizi arren euskararekin harremanik izan ez duten pertsonak euskal gizartea hobeto ezagutzera eta hizkuntza ikastera bultzatzea du helburu AISAk. Egitasmoaren xehetasunak aurkeztu asmoz, agerraldia egin dute gaur Maribel Albizu eta Imanol Lasa Gizartekintza zinegotziak, eta Julen Aranguren Inmigrazio teknikariak.

Ikastaroak hamasei urtetik gorako pertsonei zuzenduta doaz. Irailaren 14an hasi eta ekainaren 25an bukatuko dira. Astero sei ordu emango dituzte, hiru klasetan banatuta, eta 60 orduko batuko dituzte guztira. Urrian martxan jarriko da berriz ikastaroa. Oraindik formaliki aurkeztu ez baldin bada ere, dagoeneko hamar eskaera jaso dira. Garbi uzten du horrek zenbateko interesa pizten duten. Taldea osatzeko gutxieneko kopurua zortzi pertsonekoa da, eta hamazortzikoa gehienezkoa. Ordutegiari dagokionez, hiru aukeratu ahal izango dira: asteazken, ostegun eta ostiralean goizez, 10:00etatik 12:00etara; astelehen, astearte eta ostegunean, arratsaldez, 16:00etatik 18:00etara; eta egun horiexetan, baina iluntzerakoan, 19:00etatik 21:00etara.

Ikastaroak oso oinarrizkoak dira, iritsi berrientzat bereziki pentsatutakoak egokitzen has daitezen, eta azkarrak eta dinamikoak aldi berean. Agurrak, aurkezpenak, zenbakiak, familia, oinarrizko hiztegia eta euskal gizartearen hainbat berezitasun baliagarri ikasi ahal izango dituzte, horretarako prestatutako material bereziari esker: kirol zaletasuna, azoka…  Ariketetan gai horietako hiztegia eta oinarrizko ulermena (kaleko errotuluak, kartelak) landuko dira, batez ere.

Datozen egunotan herrian zehar kartelak jarri eta diptikoak banatuko dira ikastaroen inguruko informazioarekin. Halaber, informazioa eta azalpenak postaz bidaliko zaie atzerritarrei. Klaseak Udal Euskaltegian izango dira, bertako irakasleekin, eta izen emateak 10 euroko prezio “sinbolikoa” izango du. Horretarako epea hilaren 30ean bukatuko da, euskaltegian (Iturribide 28, 943 13 11 53).

Aisa ikastaroak 2003. urtean antolatu ziren aurreneko aldiz Zarautzen, proiektu pilotu gisa. Izen-emate dezente izan ziren, baina esperientzia ez zen errepikatu 2008. urtea arte; une hori egokitzat jo zen, bost urte horietan herrira bizilagun berri asko iritsi baitziren. Deialdiak erabateko arrakasta izan zuen, 62 lagunek eman baitzuten izena ikastaroa egiteko, lau taldetan banatuta. Ekimenak piztutako interesa ikusita, jarraipena ematea erabaki zuten iaz, ezagutzetan sakontzeko balio izan zuen bigarren ikastaro batekin. Azken horretan 21 ikaslek hartu zuten parte.

Hasierako 62 ikasleetatik, 41 emakumezkoak ziren eta 21 gizonezkoak. 59 Zarautzen erroldatuta zeuden, eta gainerako hirurak Donostian, Getarian eta Orion. Jatorriari dagokionez, Argentina (11), Kolonbia  (10), Nikaragua (7) eta Bolivia (7) azpimarratu behar dira. Izan ere, gehien-gehienak, 57, Latinoamerikako herrialdetan jaiotakoak diren. Beste bostak Italia (3), Maroko (1) eta Errumaniatik (1) zetozen. Gaur egun Euskal Herriko beste zenbait herritan ere egiten dira Aisa ikastaroak. Eusko Jaurlaritzaren Inmigraziorako Planaren baitan kokatzen da ekimena.

Maribel Albizuk ikasketa prozesu hori errazteko eskatu zien bertakooi, edo Zarautzen urte asko egin dituztenei, ahal den neurrian: “Gaur egun gure herrira iristen denaren azalean jartzen baldin bagara, ez dira gutxi normaltasun batean bizi eta aurrera ateratzeko gainditu behar dituzten oztopoak. Egoera horretan, noski, euskara ezagutu eta ikastea, ez da beraien lehentasunen artean kokatzen. Beraz, guri dagokigu lehenengo urratsa ematea eta euskarara hurbiltzeko gonbita egitea. Hain zuzen ere horretara gatoz ikastaro hauekin, gure bizilagun berriei gonbidapen bat egitera”.

Ildo horretan, ondorengo mezua helarazi zien Zarauzko bizilagun berriei: “Badakit euskara ikastea ez dela lan erraza, are gehiago atzerritik datorrenarentzat eta horrenbestez euskal kulturarekin inongo harremana izan ez duenarentzat. Haietako askok euskara existitzen zenik ere ez dakite. Hori dela-eta, ikastaro honetan parte hartzera animatu nahi zaituztet, euskaraz lehen pausoak eman eta agurrak, zenbakiak, eta egunerokotasunean erabili ahal izango duzuen oinarrizko hizkuntza ikasi ahal izango baitituzue”.

Imanol Lasa Euskara zinegotziak, bere aldetik, ziurtatu zuen “oso eroso” sentitzen direla ekimen hau babestuz: “Zarautz herri euskaldun eta euskaltzalea da, euskara bizi-bizirik dago kalean, plazan, eta merkatuan, eta gizarteratzeko eta sustraitzeko oso tresna inportantea da. Gure herrira datozenak horretaz jabetzen dira denborarekin, eta Euskara Zerbitzutik, HABErekin elkarlanean, gure esku dagoen guztia egingo dugu, aukerak eskainiz gure hizkuntza eta kultura ezagutu ahal ditzaten”.

Share.

Leave A Reply