Zarauzko turismoaren sektorea, Kalitate Turistikoarekin konprometituta

0

Zarauzko hamaika establezimenduk Kalitate Turistikoarekiko Konpromisoaren Ziurtagiria jasoko dute ostegun honetan, hilaren 25ean, Europar Batasunak ezartzen dituen estandarrak betetzen dituztela frogatuz

2007 eta 2008an egin bezala, Zarauzko Udalak eta Turismo Bulegoak kalitate turistikoaren ziurtagiriak banatuko dituzte ostegun honetan, 19:30etatik aurrera Aiten-Etxe jatetxean egingo den ekitaldi berezian. Hamaika establezimenduk jasoko dituzte kalitate turistikoarekin konprometituta daudela frogatzen duten bereizgarriak Jon Urien alkatea, Imanol Lasa Turismo zinegotzia eta Udaleko ordezkarien eskuetatik. Javier Lopez Larrinaga, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismorako Eskualde Bulegoko ordezkaria ere banaketa ekitaldian izango da, turismoaren sektoreko beste zenbait ordezkarirekin batera.

“Ziurtagiri berri hauek ematearekin bat, Turismo Bulegoak kudeaketa onaren alde egin duen apustua berresten du”, ziurtatu du Imanol Lasak. “Turismoaren sektorea etengabe ari da aldatzen eta bilakatzen, sekulako lehiakortasuna dago, eta Zarautzek ezin du aukera bakar bat ere galdu. Denon artean profesionaltasunean eta kalitatezko zerbitzuetan oinarritutako eskaintza garatzea da bisitari berriak erakartzeko eta bereganatzeko gakoa, hori baita beste hainbat turismo gunetatik desberdintzen gaituena”.

Miren Fernandez abeslari zarauztarrak aurkeztuko du ekitaldia, eta bideo bat ere ikusi ahal izango dute bertaratutakoek. Aurreko bi banaketetan, 2007an eta 2008an, 24 establezimenduri eman zitzaien ziurtagiria (15 eta 9, hurrenez hurren). Aurtengo honetan, berriz, hamaika izango dira: ostatuen esparruan, Olatu hotela, eta Musika Plaza eta Lagunak pentsioak; jatetxeen esparruan, Lagunak, Aiten-Etxe eta Talaiberri txakolindegia; kirol zerbitzuei dagokionean, Zarauzko Surf Eskola eta Pukas Surf Eskola; Pukas Surf dendak, Arribati izozki dendak, eta Otorduk (etxez-etxeko janaria) ere jasoko dute bereizgarria.

Jardunbide Egokien Eskuliburua egitasmoaren baitan banatzen dira ziurtagiriak. Egitasmo hori 2006an jarri zen martxan, turismo sektorean epe-ertainean kudeaketaren zorroztasuna eta profesionaltasuna sustatu asmoz. Turismoarekin edo oslataritzarekin lotura duten establezimendu guztiek har dezakete parte. Izena ematen dutenek ikastaro batzuetara joan behar dute Turismo Bulegoan, eta zenbait baldintza bete. Hartutako konpromiso horiek denboran zehar berritu behar dira, gainera, ziurtagiria jaso ondoren ere.

“Logikoa denez –nabarmendu du Lasak-, erraztasunak eskaintzen badizkiegu ere, guzti horrek ahalegin handia eskatzen du; beraz, esker oneko hitzak baino ez ditugu sektoreko kideentzat, bikaintasunarekiko eta etengabeko hobekuntzarekiko erakutsi duten konpromisoagatik. Gauzak hobeto egitea da kontua, eguneroko kudeaketan berrikuntzak eta gauza berritzaileak sartzen joatea, eta hori hobetzeko gogo eta borondate argiak daudenean baino ez da posible, kasu honetan bezala”.

Konpromiso horren froga nabarmenak badaude. Izan ere, 2006an, Zarautz aitzindari izan zen Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak (artean Euskalit) sustatutako Jardunbide Egokien Eskuliburua egitasmoaren ezarpenean, Goierrirekin batera. Gainera, Turismo Bulegoa Gipuzkoa mailan Kalitate Turistikoaren ‘Q’-a lortu zuen mota horretako lehen erakundea izan zen, 2005eko ekainean, hain zuzen.

Zarautzen hainbat eragilek kalitate turistikoaren alde egiten duten lan partekatuaren beste zenbait adibide ere aipatu ditu Lasak: “Ostalarien Elkartearen sorrera, Turismoaren Aholkularitza Batzordearena, Euskal Herri Mailako erakundeetan parte-hartzea, hala nola CicTourGune edo ‘Destinos País Vasco’, Urola Kosta mailan martxan jarriko dugun Kalitatearen Mahaia, edo dagoeneko oso aurreratuta dagoen malekoiko Terraza eta Mahaien Ordenantza”.

Share.

Leave A Reply