Turismo Bulegoak txakolinarekin topa eginez esango dio agur udako programazioari

0

Zarauzko Mahats-Bilketaren Jaialdiak hamaikagarren edizioa beteko du larunbat honetan gaur egungo formatuarekin; 1.400 botila dastatu ahal izango dira, hegaluze, antxoa eta piper pintxoekin lagunduta, besteak beste

 

Hirugarren urtez jarraian, Ardi-Txakur Txapelketa izango da 18:00etan Kortazarreko zelaian, Iñurritzan

 

Zarautzek urteko ekitaldirik berezienetako batekin esango dio agur aurtengo udako programazioari: Turismo Bulegoak eta Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapenak antolatuta, Mahats-Bilketaren jaialdia ospatuko da larunbat honetan. Hamaikagarren edizioa dute honako hau, 2.000. urtean hasi baitzen ospatzen gaur egungo formatuarekin, iraileko hirugarren larunbatean, bilketari lotuta eta Euskal Asteko ekitaldietatik kanpo. Nolanahi ere, jatorria askoz ere zaharragoa du, 1980an ospatu baitzen lehen Txakolinaren Eguna Zarautzen. Tradizio handiko festa dela esan daiteke, beraz. Guztiz errotutakoa.

Aurkezpena gaur izan da, Kulixka jatetxean, eta hantxe izan dira Imanol Lasa Turismo zinegotzia, Getariako Txakolina elkarteko kudeatzaile Ruth Mozo Jose, Kirkilla jatetxeko Romero Ameztoy eta ardi-txakur txapelketako antolatzaile Jose Luis Saizar. Mozok aurreratutakoaren arabera, “uzta ona eta kalitatezkoa” espero dute, iazkoa baino “%10 ugariagoa”. Mahasti berriak sartuko dira ekoizpenean, 44 hektarea gehiago landatu baitituzte, eta hortik dator hazkundea. Eguraldiak laguntzen baldin badu, “irailaren 25eko asteburuan” hasiko dira mahatsa biltzen, eta “Pilar egunerako” bukatzea espero dute. Botila gehienak, %85, Euskal Herrian salduko dira –Gipuzkoako kostaldean batik-bat-, baina AEBetan, Japonen, Ingalaterran eta Suitzan ere badituzte bezeroak.

Jaialdia urteekin hazten joan da, eta baita egitaraua ere. Larunbatekoa 10:30ean hasiko da, “Natura eta Txakolina” izeneko bisitaldi gidatuarekin. Parte-hartzaileek Talaiberri upeltegia ezagutu eta ibilbide ederra egin ahal izango dute itsaslabarreko mahastietan barrena. Ondoren, bertatik bertara ezagutuko dute edaria nola egiten den pausoz pauso eta dastatzeko aukera ere izango dute. Bi ordu ingurukoa izango da bisita. Interesatuek Turismo Bulegora deitu beharko dute, 943830990 telefono zenbakira. 11:00etan, berriz, txistulariekin kalejira izango da herriko kaleetan barrena.

12:00etan, udaletxeko plazan, Mahats-Bilketaren jaialdiko unerik bereziena iritsiko da: urteko lehen muztioaren aurkezpena. Getariako Txakolina Jatorrizko Izendapena osatzen duten upeltegien mahatsa prentsatuko da bertan, eta bertaratutako guztiek topa egin ahal izango dute muztioarekin. Urtero legez, Andoni Egañak eta Sebastion Lizasok bertso-saioa eskainiko dute, eta Iratzarriko Lagunak dantza taldeak “Txakolin dantza” eskainiko du, otxote baten laguntzaz.

Ohitura da ekitaldia herritarren bat edo Zarautzekin lotura berezia duen pertsonaren bat omentzeko aprobetxatzea. Eurak izaten dira brindisaren protagonistak. Aurtengo honetan, honako lagunek izango dute ohore hori: Izaskun Mendizabal, 48 urtez Mendizabal kinkiladendako jabe izandakoa, Iñaki Mikeo TKE Traineruen Ligako kudeatzailea, eta Enrique Erentxun, ‘El Diario Vasco’ egunkariko kirol ekitaldien arduraduna.

Urtetan zehar, Zarauzko Euskal Jai Egunean baserritarrez janzteko ohiturari eusteko gogor jardun zuen lanean Mendizabalek. Liburuxka bat ere kaleratu zuen, modu egokian nola jantzi azalduz. Imanol Lasak azpimarratutakoaren arabera, “euskal kulturarekiko sentsibilitate berezia izan duen emakumea da, herriko hainbat eragile eta talderekin kolaboratu eta haiekin harreman bikaina izan duena”. Mikeori buruz, Zarauzko Ikurriñari emandako “babes handia” goraipatu du: “Behin baino gehiagotan esan du dagoen estropadarik onena dela”. Erentxun, azkenik, “hainbat kirol proba bultzatzeko garaian Zarauzko Turismo Bulegoarekin izandako jarrera eskuzabalagatik” omenduko dute.

Egitarauarekin jarraituz, 12:30ean, plazan bertan, txakolin herri-dastaketa izango da. 1.400 botila irekiko dira, gutxi gora behera. Kopa bost eurotan erosi ahal izango da, eta bost txakoli probatzeko aukera emango du. Jatekorik ere ez da faltako, hegaluze, antxoa, pate eta piperrarekin egindako pintxoak eskainiko baitira, besteak beste. Giroa jartzeko ardura Iratzarriko Lagunak taldeak eta txistulariek izango dute.

Halaber, herriko sei ostatuk, Kirkilla Enea, Zazpi, Kulixka, Egoki, Txiki Polit eta Lagunak-ek, bat egingo dute jaialdiarekin bazkarirako txakolinarekin prestatutako menu bereziak eskainiz, bakoitzak desberdina, 21 euroko prezioan. Edariak sukaldaritzan ematen dituen aukerak erakutsiko dituzte modu horretan.

Parte hartzen duten jatetxeetako baten jabe da Ameztoy, eta hark ziurtatu duenez, ekimenak geroz eta eskari handiagoa dauka: “Erantzuna oso ona da, eta jatetxeak jendez beteta izaten ditugu egun honetan. Menu bereziak dira, gogo eta kariño handiekin egindakoak”. Halaber, Zarauzko beste jatetxeak animatu nahi izan ditu parte hartzera: “Hau denentzat irekia dago”.

Getariako Txakolina j.i-ko 20 upeltegik parte hartuko dute: Agerre, Aizpurua, Akarregi-Txiki, Ameztoi, Arregi, Basa Lore, Bengoetxe, Eizaguirre, Etxetxo, Gaintza, Gañeta, Mokoroa, Rezabal, Sagarmiña, Santarba, Talai Berri, Txomin Etxaniz, Ulacia, Urki eta Zudugaraik. Guztira 24 upeltegi daude elkartean, aurten berria irekiko baita Aian.

Lasak dei egin dio jendeari larunbatean herrira gertura dadin, “egun zoragarria pasako dutelako, seguru. Zarauzko uda-denboraldiko egunik ederrenetako bat da, primeran atera den uda honen amaiera sinbolizatzen duena, hain justu”.

Sei txakur lehian

Arraza libreko Ardi-txakur Txapelketak jardunaldia borobilduko du, 18:00etatik aurrera, Kortazarreko zelaian, Iñurritzan. Hirugarren urtez antolatuko da, Turismo Bulegoaren eta Jose Luis Saizar bizilagun eta Atxarteko kidearen elkarlanari esker, eta arrakasta handia izan du orain arte.

Parte-hartzaileak maila handikoak izango dira, eta proba desberdinei egin beharko diete aurre txakurrek. Zerrenda osatzen dutenak hauexek dira: Mikel Eguren (Andoain) ‘Labrit’-ekin, Manuel Gorriti (Aizarnazabal) ‘Nere’-rekin, Jose A. Ormazabal (Gainza) ‘Alai’-rekin, Inazio Etxeberria (Azpeitia) ‘Alai’-rekin, Jose Luis Saizar (Zarautz) ‘Rex’-ekin –iazko irabazlea-, eta Pello Segurola (Matximenta) ‘Artzai’-rekin –Gipuzkoako txapelduna-. Jose Antonio Arrillagak eta Pello Pagadizabalek egingo dituzte epaile lanak. Festa polita eta lehia handia iragarri ditu Saizarrek: “Tokia primerakoa da halako txapelketa bat egiteko, eta eguraldi ona izatea baino ez da falta”.

Share.

Leave A Reply