Datozen lau urtetarako Inmigrazio Plana osatu du Udalak

0

Zehaztasuna bilatu dute, eta 49 neurri aurreikusten ditu guztira, integrazioa eta normalizazioa bultzatze aldera

Datozen lau urteetan indarrean egongo den Inmigrazio Plana aurkeztu zuten atzo Maribel Albizu Gizartekintza zinegotziak eta Julen Albizu Inmigrazio teknikariak. Azken Osoko Bilkuran onartu zen, aho batez, eta herritarrek interneten ikus dezakete, udalaren web orrian –www.zarautz.org-, inmigrazio atalean. Urtetik urtera hainbat ekintza, egitasmo eta tailer jarriko dira, eta ebaluazioa egingo da aldi berean. Etorkinen integrazioan lan egiteko tresna nagusia izango da, azken urteetan esparru honetan egindako lana sistematizatuko duena. Albizuk esan zuenez, “errealitatetik abiatuta egindako plana da, eta espero dugu fruitu onak ematea”.

Inmigrazioaren tipologia aldatzen ari da herrian. Azken datuak ekainekoak dira, eta 22.812 biztanletik, atzerritarrak 1.472 dira, %6,45. Orain dela urte batzuk argentinarrak eta kolonbiarrak ziren gehiengoa, baina orain batez ere Ertamerikatik iristen ari da jendea, Arangunenen esanetan: Nikaragua –Madrid eta Somototik gehienbat-, Honduras eta Guatemalatik –La Antigua eta inguruko lekutatik-. “2001tekin hasita dezente egin du gora kopuruak. Urtean, %0,6tik gora. Azken aldi honetan, krisiaren eraginez, igoera geldotu egin da, baina iristen jarraitzen dute”.  Nikaraguarrak dira gehiengoa, 156 lagunekin, eta Errumania -143- eta Argentina datoz ondoren. Generoari erreparatuta gizon eta emakumeen kopurua ia parekoa da.

Planaren irizpide nagusia normalizazioa da, Albizuk azaldu duenez. “Beste edozein herritar bezala tratatzea eta hartzea, eta beste edozein herritarrek dituzten eskubide eta betebehar berdinak edukitzea”. Plana osatu aurretik diagnostikoa egin zen, metodologia parte-hartzaile batekin, gabeziak zeintzuk ziren ikusteko. Udaleko web orrian iradokizunak jaso ziren eta herritar guztiei zuzendutako bi bilera irekietan zarauzko 60 bat herritarrek parte hartu zuten, elkarte eta eragileetako ordezkariak zein norbanakoak. Halaber, beste zenbait elkartek galdetegien bitartez egin dituzte ekarpenak, eta aldi berean bizilagun berriekin bilera egin zen. 15 etorkinek eman zituzten bertan beraien iritziak.

Guztira 20 premia berezi atzeman ziren diagnostikoan, eta Udalak, dauzkan eskumenen barruan, horiei erantzuna eman nahi die planarekin integrazioa bultzatzeko. Batik-bat, egiaztatu zen kanpotik etortzen denak inguru berri batera egokitu behar duela, eta ezagutza falta duela: “Ez dakite nora datozen eta zer baliabide dauden gizarteratzeko etabar. Kapital sozialik ere ez dute. Guk badaukagu gizarte-sare bat laguntzen gaituena. Umeak gaixotzen direnean aiton-amonak daude, etabar. Etorkin askok ez dute halakorik eta bakarrik daude”, esan zuen Arangurenek. Bestalde, askotan guk nahi ez ditugun lanbideak betetzen dituzte, “eta horrek gizarte-kalteberatasunera bultzatzen ditu”.

Atzerritartasun arloko zailtasunak ere hartzen dira kontuan: lan egiteko, paperak lortzeko, familiak lortzeko, edo erroldatzeko. “Guretzat eskubidea da errolda, baina haientzat, egonaldi baimen iraunkorrik ez badute, berritu egin behar dute bi urtean behin. Horrek arazo asko dakarzkio udalari eta pertsonari, errolda galtzen badu, paperak ateratzeko eta beste hainbat gauzatarako atzera egiten duelako”. Prozesu hori nola erraztu aztertuko da datorren urtean, Albizuk aurreratu zuenez. Planak harreran eta etorreran eragiten du, informazioa emanez, eta baita gizarteratzean eta enpleguan ere: “Orain Lanbide transferitu  da eta ikusi beharko da dena nola gelditzen den. INEM-era ezin zuten joan paperik gabekoek, baina Lanbidera bai, eta biak bateratuko dituzte”.

Topaguneak ere sortuko dira, elkar-ezagutza bultzatzeko  bertako eta kanpoko herritar guztien artean. Eta nerabeen gaiari garrantzi berezia emango zaio, 12-16 tarteko adin horretan etortzen direnei. Euskara ikasteko zailtasun gehiago dauzkate, eta proiektu bat jarriko da abian haien integrazioa lantzeko. Azkenik, sentsibilizazioa ere jorratuko da. Zarauztar guztiona da plana, ez bakarrik etorkinena, Udalaren esanetan: “Gizarte berri bati eta aniztasunari buruz hitz egiten ari bagara, denoi dagokigu”.

Guztira 49 neurri jasotzen ditu Planak, eta Udaleko zortzi sail desberdinek parte hartu dute hainbat ataletan: lankidetza, idazkaritza, kultura, liburutegia, gizarte zerbitzuek, berdintasuna etabar. Neurrietan “ahalik eta zehatzenak” izaten saiatu dira, helburu eta asmo hutsean ez gelditzeko: “Adibidez, gida bat osatu dugu, erroldatzen diren unetik emango zaiena. Laneratze eta gizarteratze programak ere jarriko ditugu martxan”. Udalaren eskumenak mugatuak dira esparru honetan eta lan egiteko testuinguru juridikoa, indarrean dagoen legedia da. Hala eta guztiz, ere udal mailan “zer eginik” badagoela uste dute.

Testuinguru historiko batean kokatu zuten Plana. “Zarautz, Euskadi osoa bezala, migrazioen produktua da.  Hasiera batetik, gizakiak bizimodu hobe baten bila mugitu izan dira geografikoki. Aspaldi ez, Galizia, Extremadura eta Espainoako beste lekutako pertsona asko Zarautza etorri ziren bizi eta lan egitera, eta gaur egun dugun herria, pertsona horren etorreraren ondorio da. Guztiak dira zarauztarrak”.

Orain erronka berri bati aurre egin behar zaio: “Gai izan behar dugu esateko, 5, 10 edo 20 urte barru, denok osatzen dugula herri berbera eta denak garela zarauztarrak, eta bizilagun berrien integrazioa ondo joan dela. Izan ere, bizilagun berri horiek ez baitatoz orain Euskadi edo Espainiako beste lekutatik, baizik eta gurea baino pobreagoak diren herrialdetatik”. Azpimarratu beharra dago Eusko Jaurlaritzako Gizarte eta Lan Arloak diruz lagundu duela Plana, dirulaguntzak lortzeko lagungarria izango dela, eta berau osatzen egin den lanagatik ere zorionak eman dizkiola Inmigrazio Zerbitzuari.

Share.

Leave A Reply