Ez zen izan zitekeena izan

0

Itxaropentsu ziren larunbatean Zarauzko Turismo Bulegoak eta Airez Gipuzkoako Kometa-zaleen elkarteko kideak. Lehen argazkian ikus daitekeenez, motorrak berotzera joan ziren hondartzara ilunabarrean, biharamunean ospatzekoa zen I. Kometen Jaialdiari Begira, eta irudi ederrak eskaini zituzten. Tamalez, igandeko eguraldi kaskarrak bertan behera utzi zuen jaialdia. Ia egun osoan zehar bota zuen euria, eta baldintza horietan ezinezkoa zen aurreikusitako ekitaldiak aurrera eraman eta zerua kometez estaltzea. Hala ere, ale batzuk ikusi ahal izan ziren malekoian, eta han izan ziren Berria eta Hitza-ko boluntarioak ere euskararen aldeko mezuak zabaltzen.

Imanol Lasa Turismo zinegotzia penatuta azaldu da: “Normalean sekulako zortea izaten dugu eguraldiarekin Zarautzen antolatzen ditugun ekitaldi potoloenekin, baina oraingo honetan ez da posible izan. Hala ere, larunbatean agerian gelditu zen eguraldi onarekin ikuskizun ederra izango zela. Gainera, eguraldi txarrarekin ere jendea gerturatu zen, familia giroan gozatzeko ekimen polita zela erakutsiz. Hori dela-eta, etorkizunean gustatuko litzaiguke jaialdia aurrera eramatea, ziur baikaude arrakastatsua izan daitekeela”. Eskerrak eman nahi izan dizkie boluntarioei zein Airez elkarteko kideei, “eguraldi txarrari aurpegi ona jartzeagatik, eta haien artean edukitako giro jatorragatik”.

Share.

Leave A Reply