Xuxen eta Euskalbar erabiltzen ikasteko saioak antolatu ditu Euskara Zerbitzuak

0

Herritarrak parte-hartzera animatu ditu Imanol Lasa Euskara zinegotziak

Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika fakultateko hainbat lagunek Xuxen zuzentzaile ortografikoa aurkeztu zutenetik sei urte baino gehiago pasatu badira ere, oraindik ordenagailu erabiltzaile euskaldun asko dago instalatzen edo erabiltzen ez dakiena. Hori ikusita, Zarauzko Euskara Zerbitzuak saio praktiko laburrak antolatu ditu datorren asteazkenerako Xuxen ez ezik Euskalbar deritzon baliabidea ezagutu, instalatu eta erabiltzen ikasteko, hilak 15, Gaztelekuan arratsaldean.

Saioak ordubetekoak izango dira, eta bertan, aipatutako euskarazko aplikazioak instalatzen eta horiei etekina ateratzen irakatsiko da. Xuxen tresna garrantzitsua da hizkuntzaren zuzentasuna bermatzeko. Euskalbar, berriz, 2006an sortu zen, eta firefox nabigatzailean txertatzen den tresna barra da. Euskarazko hainbat baliabide jartzen ditu eskuragarri, hala nola hiztegi ezberdinak (Euskalterm, 3000, Elhuyar, Sinonimoak…), posta zerrendak, corpusak (CorpEus, ZT Corpusa…), bilatzaileak (Elebila) edota entziklopediak (Wikipedia).

Itzultzaileentzat hizkuntza desberdinekin lan egiteko tresna erabilgarriak dira, euskalbarrek, esaterako, aldi-bereko kontsultak ahalbidetzen baititu, baina oro har, ikasle eta irakasleentzat, kazetarientzat, idazleentzat, eta azken finean interesa duten euskaldun guztientzat dira baliagarriak. Ikastaroak doan dira, eta oarte-hartzeko bi baldintza bete beharko dira, nork bere ordenagailua eramatea (eramangarria) eta, aldez aurretik izena ematea.

Abenduko 15ean izango da saioa, Gaztelekuko bilera gelan, hiru ordutegi desberdinetan: 17:00etatik 18:00etara, 18:00etatik 19:00etara edo 19:00etatik 20:00etara. Abenduaren 14 izango da izena emateko azken eguna, 943005116 telefonoan, edota euskaraz@zarautz.org helbidean. Talde bakoitzean gehienez 8 lagun arituko dira.

Herritarrak parte-hartzera animatu nahi ditu Imanol Lasa Euskara zinegotziak. “Euskaldun petoak izan arren eta teknologia berriak ezagutu eta egunero edo ia egunero maneiatu arren badira oraindik Xuxen edo Euskalbar ezagutzen ez dituztenak, edo ezagututa ere euren ordenagailuetan jarri gabe dituztenak”.

Saioak laburrak direla eta kutsu praktiko nabarmena dutela erantsi du zinegotziak: “Inportantea da sareko baliabide hauek zabaltzea, modu batera edo bestera denok egiten dugulako lan hizkuntzarekin gure egunerokoan, eta denbora askorik eta ahalegin handirik ez duelako eskatzen oinarrizko trebezia horiek hartzea”.

Lasak nabarmendu duenez, Julen Ruiz zarauztarra da Euskalbarren garapen eta mantenuaz arduratzen den lagun taldeko kideetako bat: “XXI. mendean, sasoiko egoteko, interneten ere sasoiko egon beharra du edozein hizkuntzak, eta ildo horretan goraipatu beharra dago hainbat lagunek, modu desinteresatu eta boluntarioan, dauden baliabideak euskaldundu, bildu, edo berriak asmatzeko egiten duten lana, software librearen filosofiaren barruan, gainera. Beharbada batzuetan erakundeetatik lan hori modu egokian babesten ez da asmatu”.

Euskara Zerbitzuak teknologia berrien alde egindako apustua azpimarratu du, nolanahi ere: “Hor daude on-line euskaltegia,autoikaskuntza sistema, arrakasta handia duena, edota herriko euskal idazleen webgunea –www.zarauzkoidazleak.org-”. ‘.eus’ domeinuaren alde Udalak onartutako mozioa ere aipatu du.

Share.

Leave A Reply