Inmigrazio Zerbitzuak lanerako mahaia sortu du integrazioa lantzeko eta elkarbizitza sustatzeko

0

Parte hartzeko gonbita luzatuko zaie arlo honetan lanean diharduten elkarteei eta baita herritarrei ere

Hilabete eta erdian behin bilduko da, eta ekitaldiak antolatzeko, Inmigrazio Planaren jarraipena egiteko eta hausnarketarako balioko du

Zarauzko Inmigrazio Zerbitzuak jakinarazi du Lanerako mahaia sortuko duela Zarauzko bizilagun berrien harrera egokia bultzatu, eta errespetuan eta kultur aniztasunean oinarritutako elkarbizitza bilatzeko. Maribel Albizu Gizartekintza zinegotziak eta Julen Aranguren Inmigrazio teknikariak azaldutakoaren arabera, mahaiak proposamenak jasoko ditu, eta neurriak landuko diru etorkinen integrazio soziala errazteko, bertan jaiotakoen eskubide eta betebehar berberekin beti ere.

Zarauzko bizilagunen arteko bizikidetza sustatzen saiatuko da erakunde berria, eta migrazioaren fenomenoak herrian izan duen eragina, pertsona atzerritarren harrera, eta kultur aniztasunaren inguruko hausnarketa gune lanak ere egingo ditu. Halaber, aipatutako aniztasuna bultzatzeko ekitaldiak antolatu ahal izango ditu, eta berriki onartutako Tokiko Zarauzko Inmigrazio Planaren jarraipena egiteko tresna izango da.

Plan hori osatzeko prozesuan 70 bat lagunek parte hartu zuten guztira: horien artean, herritarrak, eragileak eta elkarteak ere. Mahaiak ere izaera irekia edukiko du: gonbidapen formala luzatuko zaie arlo honetan diharduten Zarauzko elkarteei, eta parte hartzeko interesa duten Zarauzko bizilagun guztiek ere aukera izango dute. Horretarako, 943 005127 telefonora deitu, edo jaranguren@zarautz.org helbidera idatzi beharko dute.

Lanerako metodologiari dagokionez, Arangurenek adierazi du hilabete eta erdian behin bilduko direla mahaiko ordezkariak, gutxi gora behera. Maiztasun handiagoarekin ere bildu ahal izango dira beharra ikusten badute, jarduerak antolatzeko, adibidez. Inmigrazio teknikariak izango du deialdia egiteko, gai zerrenda osatzeko, eta akta idazteko ardura. Mahaiak izaera kontsultiboa izango du, eta egitura malgukoa izango da, hau da, kide berriak onartu ahal izango ditu. Hala ere, lanerako eta bertaratzeko konpromisoa eskatuko zaie parte-hartzaileei.

Lehen bilera datorren asteazkenean izango da, hilaren 16n, 19:00etan, eta lanerako metodología zehaztuko da bertan. Albizuk eta Arangurenek azaldu dutenez, azken garaiotan hainbat bilera egin izan dira herritarrekin eta elkarteekin, Zarauztik Mundura antolatzeko, adibidez, baina mahai berriak izaera orokorragoa eta jarraituagoa edukiko du, eta esperientzia horiek sistematizatzea du helburu. Herritarrek migrazioaren fenomenoaren inguruan duten ikuspegiaren diagnostiko gisa ere balioko du.

Fenomeno aldakorra

Azken hamarkada honetan, nabarmen aldatu da Zarauzko egitura demografikoa. Horretan zerikusi handia izan du, batez ere, munduko toki desberdinetako bizilagun berrien etorrerak. Haatik, Zarautzek hartzen duen inmigrazioaren jatorria eta perfila aldatzen ari da; duela bost urte arte gehienbat Argentinatik etorritako pertsonak ziren, baina gaur egun nikaraguarrak dira gehiengo. Krisiaren eraginez asko apaldu da bizilagun berrien kopurua, baina oraindik ere hazi egiten ari da.

Beraz, “fenomeno dinamikoa eta aldakorra” da, Maribel Albizuren esanetan. “Gaur egun, 1.500 bat dira, guztira, atzerritar jatorriko bizilagunak, hau da, biztanlego osoaren %7. Mahaiari esker tresna berria edukiko dugu, denon artean, fenomeno horrek dakartzan erronkei baldintzarik egokienetan aurre egiteko”. Atzerritarren kopurua gora egiten ari zela ikusita, Udalak inmigrazio teknikaria kontratatu zuen 2007ko bukaera aldera, eta integrazio eta elkarbizitza tokiko plana jarri du abian, 2014 arte indarrean egongo dena.

Zinegotziak azpimarratu duenez, aktuazio guzti horietan jarraitu duten “oinarrizko printzipioa normalizazioarena da, hau da, etorkinentzat egitura paraleloak edo bigarren edo atzeko ateak ez sortzearena. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu”. Pertsona hauei, eta batik bat iritsi berriei, eragiten dieten faktore bereziei erreparatu zaie lanean, faktore horiek desabantaila baitira gizartean errotzerakoan.

Zailtasun horien artean daude egoerari administratiboari lotutakoak, ingurunearen eta baliabideen gaineko ezagutza falta, eskubide sozialak eta lan arlokoak, migrazio proiektutik eratorritako kalteberatasun egoerak (bakardadea, familiarekiko distantzia,…) edota babes sare bat ez edukitzea. Era berean, Inmigrazio Zerbitzuak gizarte hartzailearen sentsibilizazioa eta egokitzapena ere lantzen ditu, Arangurenen irudiko, “integrazioa bi norabideko prozesua baita”.

Share.

Leave A Reply