Bildu, agerian

0

Gero eta ohikoagoa bihurtzen ari den biktimismo ariketa eginez, Bildu kexu azaldu da saihesbidearen harira, esanez ezin zaiola eskatu 90 egunetan bederatzi urtetan egin ez dena egiteko. Guk ez dugu halakorik egin, eta sekulan ez genuke egingo. Gauza bakarra exijitu diogu, ozen eta argi: bederatzi urtetan pilatutako lana 90 egunetan ez zapuzteko, hain justu ondo dakigulako zenbat kostatu den proiektu honi forma ematea eta aurrera egitea, eta Zarauztik gure alderdiak ahalegina egin duelako luzaroan tramiteak ahal den neurrian azkartzeko.

Tamalez, duela gutxi Bilduk iragarri du azpiegitura hau geldiaraziko duela, eta saihesbidea “osorik berraztertzeko” asmoa azaltzen du bere azken erantzunan. Errealitatea aski esanguratsua da: tramite eta txosten guztiak eginik zeuden, proiektu bideragarria genuen esku artean, eta garrantzitsuena; 28 milioi euroko aurrekontua zegoen ezarrita Zarauzko herriarentzat funtsezkoa den obra hau egiteko. Atzerapenarekin edo ez, halako konplexutasuna duten proiektuek eskatzen dituzten gestio guztiak –akordioak, desjabetzeak, ikerketak…- gauzaturik zeuden, eta azken pausoa baino ez zen falta: obra esleitzea. Borondate politikoa edukitzea zen gakoa, eta saihesbidea aurrera ez eramatearen ardura Bildurena da, ez beste inorena.

Zarauzko Bilduren erantzuna, arlo honetan eskumena Foru Aldundiari dagokiola argudiatuz, espero genuena izan da. Alegia, bere alderdiak hartutako erabakiaren aurrean besoak gurutzatuta geldituko direla. Beharrezkoa izan da EAJ-PNVk saihesbidea publikoki defenditzea Bilduk bere jarrera argi uzteko eta agerian gelditzeko. Izan ere, orain arte ez dute azaldu zer proposatzen duten, ez gai honen inguruan, ezta beste hainbat proiektu estrategikoren inguruan ere. Gobernu egitasmorik ez izatearen keriak. Zerbait esan behar, eta autobideari hirugarren erraila gehitzeko ideia bota dute, detaile, ikerketa eta oinarri sendorik gabe, ez teknikoki ezta ekonomikoki ere.

Gaur-gaurkoz, alternatiba serio bakarra dago mahai gainean N-634 errepidea Zarauztik igarotzeak dakartzan ondorioak konpontzeko: saihesbidea. Errealitate bihurtzeko zorian zegoen alternatiba, bidenabar. Behin eta berriro esango dugu oso proiektu garrantzitsua dela Zarautzen bizi-kalitateari eta mugikortasunari begira, eta baita ekonomia arloan ere, herrian aurreikusten diren industriaguneei zerbitzua emateko. Gainerako guztia gauzak nahastea da. Horregatik eskatu dugu Zarautzen ezohiko Udalbatzarra ospatzea, eta saihesbidea sartuko dugu Batzar Nagusietako aurrekontuen negoziazioan.

Errazkerian erori da Bildu, gure alderdiari “hormigoiaren kulturan ainguratuta” egotea leporatuz –zer erabiliko dute eurek hirugarren errail famatua egiteko?-. Gure bidetik ez gaitu desbideratuko horrek. Herrian definituta dauden proiektu estrategikoak aurrera eramateko lanean jarraituko dugu, konbentzituta baikaude, krisi garaietan, gastu soziala eta inbertsioa direla baztertu ezin daitezkeen bi euskarriak.

Share.

Leave A Reply