ALKATEAK HERRITARREI EZ GALDETZEA GAITZETSI DU EAJK

0

“Aurrekaririk gabeko gertaera larritzat” jo du Juan Luis Illarramendik “herriaren borondatearen gainetik atez-atekoa inposatzea”

EAJk “argigarritzat” eta “tristetzat” jo du atzo Udalak  egindako Osoko Bilkura. Jeltzaleek atez-atekoaren inguruan kontsulta egitea proposatuz aurkeztutako mozioa atzera bota zen bertan, Bildu eta Aralar-Ezker Anitzaren botoekin (11 guztira). Alde bozkatu zuten EAJk, PPk eta PSE-EEk, 10 boto batuz. “Bilduk bere kasa iragarri zuen duela zenbait egun Donostian gure herrian atez-atekoa ezartzeko asmoa duela. Horren aurrean, atzokoan alkateari eskatu genion alkate gisa jokatzeko eta zarauztar guztien interesak defenditzeko. Tamalez, HBren alkate izaten jarraitzen duela ikusi genuen”, deitoratu du Imanol Lasa bozeramaleak.

EAJren irudiko, “alkateak erabaki du ezker abertzalearen Exekutibaren erabaki bat inposatzea, herritarren borondatearen gainetik. Atzo berretsi zuen hori, zarauztarren ahotsa entzuteari uko egin eta kontsulta egiteko eskaera atzera bota zuenean. Oso erabaki larria iruditzen zaigu, aurrerkaririk gabekoa”. Errepikatu du Zarautzekiko “errespetu falta” dela “Donostian emandako prentsaurreko baten bitartez” jakitea atez-atekoa ezartzeko asmo horren berri, eta erabakia “Udalean ez hartzea, dagokion tokian, hain zuzen”: “Gipuzkoan sistema hau inposatuko omen duten herrien artean gu gara biztanle gehien dituena. Eta aipatutako prentsaurrekoan ez zen gure alkatea izan, ezta Zarauzko beste ordezkari publikorik ere”.

Jeltzaleen bozeramalearen arabera, “alkateak esan du herriak eman zuela jada atez-atekoaren aldeko botoa azken hauteskundeetan. Hauteskundeak irabazi zituenez, gai honetan eta beste batzuetan nahi duena egingo duela esatearen parekoa da hori”. Nolanahi ere, azpimarratu duenez, “matematikekin arazo handia omen dute. Argudio horrek ere ez die balio, atez-atekoaren aurka gauden indar politikook lortutako boto kopurua batzen badugu, 5.772 ateratzen direlako, Bilduk eta Ezker Batua-Aralarren baino gehiago (5.316)”.

“’Zero zabor’ lelotik ‘zero kontsulta’ lelora igari dira”, erantsi du. “Alkatearen adierazpenek hankaz gora jarri dute herri honetan garatu izan den partaidetza politika eta argi utzi dute bere borondate bakarra ezker abertzaleak agintzen diona aplikatzea dela. Kontsultaren emaitzen beldur dira”. “Iruzurtzat” jo du Juan Luis Illarramendik iragarritako prozesu parte-hartzailea. “Alkateak prozesu horretaz hitz egiten duenean, zera esaten ari zaigu: herritarrei galdetuko digula zabor-pertzak etxe-atarietan edo hamabost metro haratago jarri behar diren, edota zein egunetan atera beharko dugun papera edo jaten dugun arraina. Ez besterik. Atez-atekoa ez da zalantzan jartzen”.

Hori dela-eta, alkateari eskatu dio “herritarrak ez nahasteko hitz politekin”. “Egia bakarra hauxe da, uko egin diola kontsulta antolatzeari, eta horrekin, jakiteari zarauztarrok bost edukiontziekin birziklapena hobetzen jarraitzeko ahalegina egin nahi dugun, edo, aldiz, atez-atekoa hobesten dugun bilketa sistema gisa”. Lasaren ustetan, bosgarren edukiontziak lortutako emaitza onek irakurketa argia dute: “Zarauztarrek erakutsi dute jada birziklatu nahi dutela. Gipuzkoan aipatzeko moduko lana egin da: 2000an %17 birziklatzen zen, eta 2010ean, berriz, %43. Jauzi handia da, heziketaren eta kontzientziazioaren bidetik lortutakoa. Oso emaitza politak lortzen ari ginen. Horrek erakusten du sentsibilizazioa dela gakoa, eta ez inposizioa edo fanatismoa”.

EAJk bilketaren inguruan duen jarrera berretsi du: “Birziklapenerako zaborra selektiboki biltzeko bi modu daude: atez-atekoa, eta edukiontziak. Atez-atekoaren aurka gaude gu, zikina, zaharkitua eta garestia delako, eta herritarren intimitatearen eta osasungarritasunaren aurka doalako, zaborrak gure bizitzen erdigunean kokatuz. Inposizioan oinarritutako sistema da, ezker abertzalearen pentsamoldearekin bat egiten duena; pentsamolde horren arabera, ez dio axola zeintzuk diren bitartekoak, helburua justifikatuta baldin badago”.

Eztabaida mahai gainean dagoela azpimarratu du. “Herritarrek badituzte nahikoa argudio eta informazio erabaki bat hartzeko. Kezka bolo-bolo dabil kalean. Beraz, naturaltasun osoz egin beharko genioke aurre aferari, zarauztarrei galdetuz zein den haien ustetan jarraitu beharreko bidea”. Ildo horretan, Aralar-Ezker Batuak kontsultaren aurka bozkatu izana kritikatu du Lasak. “Bildurekin frontea eratu dute atez-atekoa defenditzeko, eta kontsulta ez egiteko eman duten argudio bakarrak hauexek dira: ez daudela ados galderarekin eta ez dagoela nahikoa denborarik. Aitzakiak iruditzen zaizkigu, kontuan hartzen baldin badugu urteak daramatzagula honi buruz eztabaidatzen”.

Atzoko Osoko Bilkuran gertatutakoaren aurrean, jeltzaleek ziurtatu dute ez direla geldirik geldituko datozen asteetan: “Beharrezko ekimen guztiak jarriko ditugu martxan, gai honetan azken hitza herritarrena izan dadin, eta zaborren bilketa gehiengoaren eskaerekin bat etor dadin lortzeko”.

Share.

Leave A Reply