Hondakinen kudeaketa zikloa ixteko alternatiba aurkezteko galdegin diote jeltzaleek Bilduri
Urola Kostako EAJko bozeramaleek –Zarautz, Zumaia, Orio eta Getaria- eta Aiako alkate Igor Iturainek erantzuna eman zioten atzo prentsaurreko bidez joan den astean Bilduko alkateek eta Udal Elkarteko lehendakariak hondakinen bilketaren inguruan eginiko adierazpen bateratuari. Bertan, Bilduri eskatu zioten zehazteko “noiz eta nola itxi behar duen Urteta” –itxiera 2014. urterako zegoen aurreikusita-, eta nola eragingo dion Zarauzko zabortegiari Bizkaiak Gipuzkoako zaborren zati bat jasotzea ahalbidetzen zuen hitzarmena luzatu ez izanak.
Bilduk egindako adierazpen bateratuari dagokionez, Imanol Lasa Zarauzko bozeramaleak salatu zuen erakundeak herritarren zerbitzura jarri beharrean, Bilduk Udal Elkartea erabili zuela “ekitaldi politiko bat” egiteko, “azken boladan egiten ari den moduan”. Ekitaldi horretan, “egia bakarra” esan zela gaineratu zuen: “Birziklatzen jarraitu behar dela. Hori denok dakigu. Erakundeetatik lanean aritu izan gara herritarren kontzientziaziotik eta inplikaziotik hasita, eta birziklatze tasak asko hobetu dira. Hortxe daude datuak. Orain, lan hori inposaketa hutsarekin ordezkatu nahi du Bilduk”.
Bozeramaleek gogorarazi zutenez, hondakinen arazoari konponbide “osoa” emateko plangintza adostuta zegoen jada, GHHKPO-n gauzatutakoa. “Soberakina edo ‘fracción resto’ delakoa energia sortzeko aprobetxatzea aurreikusten zen bertan, herrialde aurreratuenetan bezala. Beharrezko azpiegiturak egiten ziren bitartean, Zarauzko bizilagunoi eskatu zitzaigun Gipuzkoako beste tokietako zaborra jasotzea, eta orduko Udalak eta Udal Elkarteak arduraz eta elkartasunez jokatu zuten, behin-behineko egoera izango zelakoan, eta 2014an errauskailuarekin posible izango zelako Urteta behin-betiko ixtea”, azaldu zuen Lasak.
Haren esanetan, ordea, Bilduk “Europak gomendatzen duenaren aurkakoa” egiten ari da, “hau da, zabortegien bizitza luzatzea itxi beharrean”. Urtetaren kasuan, salatu zuen ez zaiela esaten auzoko bizilagunei eta Zarauzko herritarrei “zenbat zabor tona gehiago eta noiz arte jaso behar dituzten urtean Bizkaiaren ezezkoaren ondoren. Dakigun gauza bakarra da, Donostian eman zuten prentsaurreko baten bitartez gainera, Zarautz izango dela atez ateko sistema izango duen Gipuzkoako 34 herrietako bat. Urtetari buruz, aldiz, ez dute ezertxo ere esaten, eta bitartean alkatea ez dakigu nora begira dagoen”.
Lasak azpimarratu zuenez, datorrenarekin ez dira batere baikorrak. “Hondakinen Partzuergoaren txosten bat iritsi zaigu, zeinaren arabera Urtetak aurten iaz baino ia 20.000 zabor tona gehiago jasoko lituzkeen. Zabor gehien jasotzen duen Gipuzkoako zabortegia izatera pasako litzateke. Itxiera ez da inolaz ere aurreikusten”. Adierazi zuen hori “kolpe berri bat” dela Urtetako bizilagunentzat: “Azken urteetan sekulako pazientzia erakutsi dute hainbat eragozpen pairatzerakoan. Oposiziotik lanean jarraituko dugu itxiera bermatzeko, erakundeetako gobernuetan geundenean aurreikusi genuen bezalaxe”.
Bestalde, EAJko bozeramaleek Bilduri eskatu zioten argitzeko “zein den bere alternatiba hondakinen zikloa ixteko, eta zer egin behar duten zaborrarekin, atez atekoak ez duelako arazoa desagerrarazten. Plangintza zehatzik badute, aurkez dezatela. Bestela, argi eta garbi esan dezatela zabortegien alde daudela, hau da, Europaren arabera aukerarik kutsagarriena eta toxikoena den horren alde. Arduraz eta seriotasunez jokatu beharko lukete, eta herriari egia esan”.
Bilduk Zarautzen atez atekoa ezartzeko dituen asmoen inguruan galdetuta, Lasak hauxe erantzun zuen: “Ezker abertzaleak argi utzi du baietz, eta alkateak eta Udal Gobernuko inork ez du aurkakorik esan. Ezkutuan ari dira. Ikusi dute jendea prest dagoela birziklatzeko, baina inolaz ere ez duela inposaketarik onartuko –herri-plataforma batek Zarautzen atez atekoaren aurka eta birziklatzearen alde bildutako 8.400 sinaduren inguruan-“.
Aialko alkate Igor Iturainek, berriz, haserre agertu zen Bilduko Urola Kostako alkateek egindako adierazpen bateratuaren harira. “Ez ziguten horren berririk eman. Aiako 2.000 biztanleak ere Urola Kostakoak dira, adierazpen horretan ordezkatutak zeudenak bezalaxe, baina hala ere inork ez zigu abisatu. Prozedurak eta gardentasuna ez dituztela errespetatzen, eta erakundeak haien mesedetan erabiltzen dituztela erakutsi dute beste behin”.