Bildu, ateak itxita

0

Udaletxean egindako azken osoko bilkuran datorren urteko ordenantza fiskalak eta tasak eztabaidatu ziren. Bertan, agerian gelditu zen beste behin legealdia hasi zenetik etengabe salatu duguna: Bilduk ez diela inolako jaramonik egiten beste alderdiei, ez duela entzuten, eta ez duela ere oposizioko alderdi nagusiarekin, EAJrekin, akordioetara iristeko inongo borondaterik, besteak beste Aralarren babesa ziurtatuta duelako botazio guztiak aurrera ateratzeko, azken alderdi honek bere autonomia politikoari uko egin baitio aurrena Amaiurren eta gero EH Bildun sartu zenetik.

Gure alderdiak 12 emendakin aurkeztu zizkion Bilduk udal zergen inguruan egindako proposamenari (ikusi atxikitako dokumentua). Gure helburu bakarra hauxe zen: zerga horiek justizia sozialean eta jarduera ekonomikoaren sustapenean sakontzeko erabiltzea, eta ez soilik dirua biltzeko.

Hala, besteak beste, hobariak proposatzen genituen IBIan baliabide murritzak dituzten familia ugarientzat, hobariak ere IAEn zerga horren igoerak krisialdiaren ondorioak gehien pairatzen ari diren enpresa txikiak gehiago estutu ez ditzan, hobariak bere instalazio edo zerbitzuak hobetzeko inbertsioak egiten dituzten merkatari eta ostalarientzat, bosgarren edukiontzia bultzatzeko neurriak, baserritarrek merkatuan euren produktuak saltzeagatik ordaindu behar izan ez dezaten proposamen bat, edota ibilgailu elektrikoen hobarian gorakada bat.

Etxebizitza hutsen aferan, begi onez ikusten dugu gainordaina aplikatzea haien jabeei alokairuko merkatuak atera ditzaten bultzatzeko. Horregatik, eta iruzurrak eta joko zikinak saihesteko, gainordain hori tramoka ezartzea proposatzen genuen, etxebizitza urtean bi hilabete baino gehiago alokatzen dutenek ordaindu behar izan ez dezaten. Halaber, bigarren etxebizitza edo udako etxebizitza gisa erabiltzen dutenei ere errekargua ez aplikatzea planteatu genuen, gutxienez bi hilabeteko egonaldia egiaztatzen baldin badute.

Konbentzituta gaude aurkeztutako emendakinok zentzuzko ekarpenak direla Bilduk ordenantza fiskal eta tasetan egindako proposamena osatze aldera. Are gehiago, uste dugu erraz onartzeko modukoak zirela, edo gutxienez oso negoziagarriak, haien atzean gizartearen eta politikaren ikuspegi aurrerakoia dagoelako, Bilduk, bere burua ezkerrekotzat edukita, bere egingo beharko lukeena. Hala ere, emendakin bakar bat ez zuten onartu, eta negoziatzeko batere borondaterik ez zuten erakutsi.

Oraingoan ere, ikusten dugu Bilduk bere fobia politikoak interes orokorraren gainetik jartzen dituela, eta zentzuzko eta arrazoizko neurriak baztertzen dituela arrazoi bakar bategatik: EAJk proposatu dituelako. Akordioak inoiz baino beharrezkoagoak diren garaiotan, gure alderdiarekiko etengabeko obsesioa eta ezinikusia ari dira nagusitzen. Horren atzean estrategia argia dago: etengabe ateak ixtea, EAJ jarduera politikotik baztertzeko helburuarekin, ekimenak aurkezteari utz diezaiogun, amore eman dezagun, motibazioa eta kemena gal dezagun haiek nahierara egiten, edo hobe esanda, desegiten jarraitzen duten bitartean.

Haatik, argi daukagu zein den gure bidea, eta ekimenak eta proposamenak aurkezten jarraituko dugu Zarautz geldirik gelditzea saihesteko. Eta Bilduren gobernuaren kontrol lan zorrotza egiten jarraituko dugu, zarauztarren interesen aurka doan neurri edo erabaki oro salatuz, hori delako gure ardura nagusia parte hartzen uzten ez gaituzten bitartean.

Enmiendas tasas-2012

Share.

Leave A Reply