TAO HOBETZEKO HAINBAT PROPOSAMEN AURKEZTU DITU EAJ

0

Herriko bizilagun, elkarte eta eragileen ekarpenak hartu ditu aintzat bere dokumentua osatzeko

Zarauzko herritar eta elkarteen iradokizun eta ekarpenak aztertu ondoren, EAJk publikoki aurkeztu du TAO berritzeko bere proposamena, Bilduk egindako planteamenduarekiko hainbat aldaketa proposatzen dituena, eremuen osaketari zein aplikazio epeei dagokienez. “Ezker abertzaleak gai honetan erabateko jarrera aldaketa izan du orain. Guk, berriz, beti defenditu dugu TAO beharrezkoa dela aparkalekua arautzeko, eta aldi berean malgua eta irekia izan behar duela aldaketa berriak onartzeko eta zarauztarren eta herriko oinarri ekonomikoen beharrei egokitu ahal izateko”, azpimarratu dute Imanol Lasa bozeramaleak eta Maite Garrastazu zinegotziak.

Lasak gogorarazi duenez, “hainbat aldiz eskatu badugu ere, Bilduren Udal Gobernuak bizilagunekin gai hau jorratzeko izandako bileretan parte hartzea galarazi zigun”. Hori horrela, azaroan EAJk bere parte-hartze prozesu propioa zabaldu, eta hainbat iradokizun jaso ditu, “bizilagun zein elkarteenak”. Iradokizun horiek, Gobernu taldeak egindako bilerei buruz jasotako informazioarekin batera, jeltzaleek erregistratutako proposamenaren oinarri nagusia osatzen dute. Dokumentua www.eaj-pnv-zarautz.com web orrialdean dago ikusgai.

EAJk ez dio muzin egiten sistema aldatzeari, baino ez dator bat Bilduk proposatutako eremu banaketarekin. Garrastazuk azaldu duenez, beharrezkotzat jotzen dute 1. Eremua zabaltzea. Hiru sektoretan banatuko lukete: Alde Zaharra, Vista Alegre, eta Azken Portu (Behea eta Goia). 2. Eremuak Nafarroa kaletik (Hotel Zarautz parean) Mitxelena kalera doan espazioa hartuko luke, azken hori barne. Eta 3. Eremuak, berriz, gainerako auzoak hartuko lituzke, Itxasmendi sektore berezi gisa geldituko litzatekeelarik. Garrastazuren arabera, “oraingoarekin antza handiagoa duen banaketa da eta bizilagunentzat errazagoa izango litzateke egokitzea”.

Aplikazio datei dagokienez, Bilduk ez bezala, EAJk proposatzen du TAO urte osoan soilik 1. Eremuan ezartzea. 2. eta 3. Eremuetan, berriz, udan baino ez litzateke ezarriko -ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte-. “Neguan, egun oso puntualetan salbu, ez da aparteko arazorik izaten eremu horietan aparkatzeko. Zailtasun handienak 1. Eremuan sortzen dira (Alde Zaharra eta inguruak). Herriko merkataritza eta zerbitzu gune nagusia da, eta horri gehitu behar zaio garaje eta aparkaleku gutxi dagoela. Uste dugu Bilduren erabakiak, alegia, eremu honetan neguan TAOrik ez ezartzeak, oso saturazio larria ekarriko lukeela. Herriko erdigunean mugimendua eta bizitza egotea behar dugu”, esan du zinegotziak.

Eremuen tratamendua ere izan dute hizpide jeltzaleek. Alde Zaharrean errotazio handiko guneak areagotzea, TAO malgua, eta denbora mugarik gabeko eremua mantentzea proposatzen dute. Vista Alegre bertako egoiliarrentzat gordeko litzateke osorik, bisitarientzat gune txiki bat utzita Urkidi kalean. Azken Porturi dagokionez, jeltzaleek ez dute beharrezkotzat jotzen egoiliarrentzat eremuak jartzea. “Araba kaleko zenbaki bakoitietan errotazio handiko jarriko genituzke, eta gainerakoari eremu urdineko tratamendua eman. Azken Portu Goian aparkalekua egiteko dagoen proiektua berreskuratu eta Gurmendiko aparkalekuei irteera emateko formulak aztertzea proposatzen dugu”.

2. Eremuan, jeltzaleen proposamenaren arabera, TAO udan baino ez litzateke ezarriko, eta errotazio altuko gune berria sortuko litzateke Mintegi kalean, Kortazarreko lursaila aparkalekurako lehen bezala ahalbidetzeaz gain. 3. Eremuan, berriz, EAJk Itxasmendiri trataera berezia ematea proposatzen du, Vista Alegreri bezala. Hau da, auzoa egoiliarrentzat gordeko litzateke, eta Buztin zuri kalean, atletismo pistaren ondoan, bisitarientzat gune urdin bat gordeko litzateke -uda garaian bakarrik-. “Era berean, ez dugu beharrezkotzat jotzen Bilduk proposatutako errotazio altuko gunea, Eroski alde batera utzita, ez dagoelako merkataritza gunerik. Hori bai, bizilagunei jakinarazi behar zaie Eroski erabilera libreko eremua dela salerosketa ordutegitik kanpo”.

Eremuak alde batera utzita, jeltzaleek aurkeztutako dokumentuak bestelako hainbat hobekuntza dakartza. Hala, TAO txartela erosten duten zarauztarrek bere eremutik kanpo bi ordu aparkatzeko eskubidea izatea proposatzen da (Itxasmendin eta Vista Alegren izan ezik), eta baita errotazio handiko guneetan ordu erdiz doan aparkatzekoa, “herriko merkataritza bultzatzeko”. Halaber, landalurretako egoiliarrek TAO txartela herriko zein eremutan erosi nahi duten aukeratzeko eskubidea lukete. Anbulategirako, Monte Albertiarako, edo furgoneta eta autokarabanek sortzen dituzten arazoak konpontzeko hainbat neurri ageri dira ere, besteak beste.

Jeltzaleek malgutasuna eskatu dute herriko bizilagunekin isunak ezartzerakoan, “saturazio arazoak sor daitezkeen egunetan zein TAO eremuen arteko mugetan bizi direnekin”. Era berean, ezinbestekotzat jotzen dute, Lasaren arabera, TAOn ezarritako aldaketa guztiak “epe zehatz batean berraztertzea, desorekak konpondu eta emaitza onak bermatzeko. Herritar gehienek hala eskatu digute eta guk konpromiso hori hartzeko eskatzen diogu Udal Gobernuari. Sistemaren funtzionamenduaren gainean ematen den informazioa hobetzeko ahalegina ere egin beharko da”.

Azkenik, Lasak dei egin dio Bilduri “demagogia alde batera utzi” eta TAOren erreforma arduraz burutu dezan. “Urteak eman dituzte Udalaren aurreko kudeatzaileei TAO kentzeko eskatuz, eta orain sistemak ondo funtzionatzen duela diote. Pozten gaitu jarrera aldaketa horrek, baina gustatuko litzaiguke azpimarratzea urte eta erdi baino gehiago izan dutela legealdi honetan eta oraingoz TAOren emakida urtebetez luzatu besterik ez dutela egin, joan den urteko irailean”.

TAO – EAJren proposamena

Share.

Leave A Reply