“GEHIAGO ETA HOBETO BIRZIKLATU, EDUKIONTZIEN ETA SENTSIBILIZAZIOAREN BITARTEZ”

0

Hondakinen gaikako bilketa hobetzeko bere proposamena aurketu du EAJ; sarraila elektronikoko edukiontziak izango dituzten sailkatzen guneak sortzea proposatzen du, besteak beste

Hondakinen gaikako bilketa indizeak hobetzeko proposamena aurkeztu du EAJk publikoki, edukiontzien sistema oinarri hartuta. “Berritzaile, jasangarri, garbi eta ekologikoa”, hitz horiekin  deskribatu du Jesus Arana zinegotziak proposamena, jeltzaleen udal talde osoak lagunduta emandako prentsaurrekoan: “Gehiago birziklatu behar da, eta horretarako ezinbestekoa da jatorrian gaikako bilketa bultzatzea ezarritako helburuetara iristeko, baina batez ere hobeto birziklatu behar da, ikuspegi integral batekin. Horregatik, sistema bat proposatzen dugu zeinarekin, sentsibilizaziotik eta heziketatik abiatuta, herritarrei baliabiderik egokienak eskainko dizkiegun mota guztietako hondakinak bereizteko, ohikoenez gain”.

EAJk Hondakinen Mahaian aurkeztu zuen proposamen hau, zegokion epean. Dokumentua eskuragai dago zarauztar guztientzat www.eaj-pnv-zarautz.com webgunean. Herritarren eta erakundeen arteko “erantzukizin eta konpromiso partekatuan” oinarritzen da sistema. “Udalak badu ahalmena zarauztarrei hondakinak behar bezala bereiz dezaten exijitzeko, eta gauzatu behar du ahalmen hori. Baina horretarako, bere ardura da da bermatzea sistema bat erosoa, irisgarria, ekonomikoki jasangarria, gertua, malgua, eta behar desberdinetara egokitutakoa izango dena: familiak, enpresa eta negozioak, bisitariak, landa eremuak edota ospakizun bereziak”, azaldu du Arana.

‘A’ eta ‘B’ motatako “hondakinen Sailkatze Guneak” sortzea proposatzen du EAJk. ‘A’ motakoetan gure etxeetan sarrien eta kopuru handiagoan sortzen direnak jasoko dira: papera eta kartoia, beira, plastikoa eta ontzi arinak, materia organikoa, eta hondarra. “Guneen kokapena zein edukiontzien tamaina hiri eremu bakoitzaren biztanleria eta etxe dentsitatearen arabera egokituko dira”. Hiri eremuko bizilagun guztiek izango dute sailkatzen gune bat gehienez 100 metrora.

‘B’ motako guneek, berriz, bost edukiontzi horiek edukiko dituzte, eta baita olioa, ehuna-arropak eta RAEE deritzenak jasotzekoak ere: pilak, bombillak, fluoreszenteak, jostailu elektronikoak, sakelekoak… “Horien bolumena eta kopurua txikia da, baina, ekologiaren ikuspegitik, ingurugiroarentzat izugarri arriskutsuak dira. Ezinbestekoa da hondakin mota horien birziklapena sustatzea”. ‘B’ motako gune gauek toki estrategikoetan kokatuko dira: merkatua, polikiroldegia, ikastetxeak, plazak, igaro bide ohikoenak edota merkatal guneak, “modu horretan irisgarritasuna bermatuz”.

Jeltzaleen ustetan, papera eta kartoia, beira eta plastiko eta ontzien bilketa selektiboan nahiko emaitza onak lortzen dira egun, eta horrek zarauztarren ingurugiroarekiko duten konpromisoa erakusten du. Hortaz, “errefusaren eta organikoaren bilketan sakondu behar dugu indar bereziz”, diote. Horretarako, bi berrikuntza nagusi ezartzen dituzte: “Errefusaren edukiontzia izango da txikiena, eta ahoa ere tamaina gutxikoa izango du. Bestalde, edukiontzi honek eta organikoaren edukiontziak irekitzeko sistema elektronikoa izango dute, gaur egun hoteletan, banketxe eta kutxetan edota polikiroldegietako takilletan erabiltzen denaren antzekoa. Beraz, erabilera ezagun dute herritarrek”, adierazi du Aranak.

Sistema berri honekin, EAJren arabera, gaikako bilketa bultzatuko da aldi berean pribatutasuna eta intimitatea errespetatuz. “Kontrol sistema bat edukiko dugum ahalbidetuko duena jakitea zenbat aldiz irekitzen edukiontzia, noiz, sartu den pisua edota noraino dagoen beteta. Gainera, honi esker posible izango litzateke bilketan kostuak murriztea, ibilbideak eta maiztasunak kalkulatuz eta behar puntualak detektatuz”. Baina, batez ere, jakinda gune bakoitzean hondakinak nola bereizten diren, “kanpaina espezifikoak egin ahal izango lirateke ohiturako zuzendu eta hobetzeko, eta datu zehatzak edukiko genituzke hobariak, pizgarriak edo gainordainak ezartzeko”.

Sailkatze gune bakoitzak bere zenbakia eta ezkaratz edo eraikin bakoitzari bat egokituko zaio. Etxebizitza bakoitzari, berriz, edukiontziak irekitzeko gailu pertsonala emango zaio, soilik dagokion gunea irekiko duena. Gainera, gune guztiek panel bat edukiko dute eta bertan hondakinen bereizketari buruzko aholkuak edo birziklapenari eta berrerabilpenari buruzko informazio erabilgarria emango da, zalantzarik ohikoenak argituz.

Informazio hori gune bakoitzea lortzen den gaikako bilketaren portzentajearekin osatu ahal izango litzateke, esaterako. “Estetikoki gune erakargarriak izan behar dute, ingurura egokitutakoak eta bereiztera gonbidatzeko diseinatuak. Edukiontziak beren garbiketa eta mantenua errazteko egongo dira egituraturik, gaur egun alor horietan asko baitago hobetzeko”, esplikatu du Aranak.

Denda, negozio eta enpresen beharrak ere aintzat hartzen ditu jeltzaleen proposamenak. “Negozio mota bakoitzak bere beharrak dauzka. Indarrean dagoen ordenantza moldatu eta establezimenduetan papera eta kartoia, plastikoa eta ontziak, beira eta organikoa biltzeko zerbitzua eskaintzea proposatzen dugu. Errefusa sailkatze guneetan botako dute. Ordutegi bereziak izango dira,  interesatuekin adostuko direnak”. Landa eremu eta baserriei dagokienezm ‘B’ motako Guneak jarriko dira, eta konposterako baliabideak emango zaizkie, auzolanean zein bakarka, hala eskatzen duten baserritar eta herritarrei.

Jeltzaleen arabera, Alde Zaharrak kudeaketa berezia beharko luke bere ezaugarriak direla-eta: kale estuak, horietako batzuk oinezkoentzat, eta denda eta ostalaritza lokalen kontzentrazio altua. “Bilketa ibilgailu txikiagoekin egitea proposatzen dugu. Ibilgailu horiek oinezkoen guneetan sartzeko baimena izango dute, eta erosi behar izatekotan elektrikoak izango dira. Era berean, edukiontzien kokapenak eta tamainak egokituko lirateke egoliliarrek sortzen duten hondakin kopurura”.

Aranak adierazi duenez, udako bisitarien kopurua da kontuan hartu beharreko beste faktorretako bat. “Hondakinen kudeaketa eta funtzionamenduari buruzko eskuorria banatuko litzateke higiezin agentziatan, hoteletan, alojamenduetan, kanpinetan eta Turismo Bulegoan, besteak beste. Halaber, etxebizitza alokairuan dutenek eskuorria eta edukiontziak irekitzeko gailua eman beharko diete maizterrei”. Jai, ospakizun, eta bestelako jarduera eta ekitaldien kasuan, “Udalak edukiontziak emango dizkie antolatzaileei eta haiek arduratuko dira indarrean dauden ordenantzak betearaztea. Sarrera kobratzen den ekitalditan, berriz, antolatzaileak bere gain hartuko ditu garbiketa berezi etabarren kostuak”.

Azkenik, jeltzaleen ekimenak berebiziko garrantzia ematen die ikastetxeei sentsibilizatzaile eta hezitzaile gisa. “Bereziki zainduko da ikastola barruan eta inguruan zakarrontzi eta sailkatzen gune egokiak edukitzea. Hondakin mota bakoitzeko zakarrontziak, berriz, bilketan kopuru inportantea suposatzen ez badute ere, sentsibilizaziorako tresna garrantzitsua izan daitezke herri osoan”, Aranaren arabera. Bere proposamena osatzeko, “Europako herrialde aurreratueneko esperientziatan eta herritarren, taldeen eta elkarteen ekarpenetan” oinarritu da EAJk. Hala, harrera baikorra espero dute.

Share.

Leave A Reply