Euzko Gaztedik (EGI) espainiar Gobernuari eskatzen dio jarraitu dezala britainiarraren eredua eta eman diezaiola hitza euskal gizarteari

0

yes egi

Euzko Gaztedik (EGI) espainiar Gobernuari eskatzen dio jarraitu dezala britainiarraren eredua eta eman diezaiola hitza euskal gizarteari

EAJ-PNVren gazte erakundearen ustez, Eskoziaren kasuan frogatu den moduan, posible da autodeterminazio prozesu demokratikoak garatzea XXI. mendean.

Eskoziar herritarrek euren etorkizunaren norabidea finkatuko duten galderari erantzungo diote bihar. Eskoziarren nahiaren isla izango den erantzuna bilatzen duen galdera. Eskoziako eta Britainia Handiko gobernuen arteko, bi aldeko adostasunetik eratorritako ariketa demokratiko paregabekoa.

Prozesu eskoziarra modu baketsu eta koherentean gauzatu da. Azpimarratzekoa eta esanguratsua da Eskoziak ibilbide honetan izan duen jokabide baketsua, zeinaren bidez argi erakutsi duen elkarrizketa eta akordioak direla edozein prozesu garatzeko bide bakarra. Edonolako indarkeria baztertuta utzita.

Prozesu Eskoziarrak adibide eredugarri bat jartzen du mahai gainean, non estatuen lurralde integritatearen printzipioak ez duen herri ororen erabakitzeko eskubidea zanpatzen eta oztopatzen. Britainiar gobernuak heldutasuna eta errespetua erakutsi du Eskoziarrei hitza emateko orduan eta baita prozesu honetatik eratorriko den emaitza onartzeko orduan. Eusko Gaztedik Espainiako Gobernuari eskatu nahi dio eskoziar eredua jarraitu dezala, eta aplikatu dezala formula bera euskal kasuan ere, modu honetan Euskal Herriak bere etorkizuna modu asko eta demokratikoan erabakitzeko ahalmena izan dezan.

Autodeterminazio prozesuak denboraz kanpokoak direla adierazten dutenen hitz hutsalak jokoz kanpo utzi ditu Eskoziako ereduak, XXI. mendean bete betean murgildurik, honelako jardun demokratikoek berebiziko gaurkotasuna dutela argi azalduz. Heldutasuna eta errespetua ardatz izan dituen Eskoziako prozesuak argi uzten du autodeterminazio prozesuak ez direla ez anakroniko ezta antinaturalak ere. Guztiaren gakoa, dagokion gobernuaren borondate politikoan datza.

Eskoziarrek beren identitate propioa garatzeko aukera izango dute aurrerantzean. Berezkoak dituzten balore sozial eta politikoak osotasunean garatuz eta euren eredu propioan oinarrituriko politikak indarrean jarriz.

Horregatik, Espainiar Gobernuari argi eta ozen esan nahi diogu autodeterminazio prozesuak ez direla konfrontazioan oinarritzen, herritarrek euren etorkizuna diseinatzeko eta egokiena den aukera hautatzeko duten eskubidean baizik. Posible da herrien erabakitzeko eskubide prozesu bat koherentziaz eta elkar ulermenaz martxan jartzea, aldiz, ezinezkoa da, beste alde batera begiratu, eta bere borondatea libreki eta modu demokratikoan azaldu nahi duen herri bati jaramonik ez egitea, horregatik gogor salatu nahi dugu Madrilgo Gobernuaren jarrera axolagabea.

Baina Espainiar Gobernuari soilik ez, abertzaleen arteko batasunari ere egin nahi diogu deia. Ezker abertzaleari, 2008an Gasteizko Legebiltzarrean gertaturikoa berriz ere errepika ez dadin, Erabakitzeko Eskubidea tresna politiko gisa bere onurarako erabiliz, bere interes partidistak joko politikoan lehenetsi ez ditzala eskatu nahi diogu.

Eskozian ekiniko bideak, XXI. mendean erabakitzeko eskubidea egikaritzea helburu duten prozesu demokratikoak aurrera eramatea posible dela erakutsi digu. Darraigun ba geuk ere geure bidean!

Share.

Leave A Reply