EAJk emendakina aurkeztuko du Foru Aldundiak 2012ko aurrekontuetan saihesbidea sar dezan

0

Imanol Lasak adierazi duenez, “proiektua negoziazioetan mahai gainean egotea ziurtatuko dugu”

EAJk iragarri du emendakina aurkeztuko duela Gipuzkoako Foru Aldundiak 2012ko aurrekontuetan Zarauzko saihesbidea egiteko lanak aintzat har ditzan. Bildu buru duen Foru Gobernuak proiektua geldiaraziko zuela jakinarazi zuen abuztuan, eta ondoren, joan den hilabete bukaeran, obra esleitzeari uko egin zion, dagoeneko fase horretan zegoen arren eta lanen hasiera garai honetarako aurreikusita egon arren. “Orduan oso kritikoak izan ginen erabaki honekin, baina ez diogu uko egiten proiektuari, eta 2012ko aurrekontuen negoziazioetan mahai gainean egotea ziurtatuko dugu lehentasun gisa, Iritako enpresa-gunearekin batera”, azaldu du Imanol Lasak.

2011ko foru aurrekontuetan aldaketa sartzeko akordioa onartu ondoren egin ditu adierazpenok bozeramale jeltzaleak. Akordio horren arabera, aurrekontuek N-1 errepidea eta Zubieta lotzeko obrak aintzat hartuko dituzte, Lasarte parean, errauskailua eta industria poligonoarekin komunikatuz, besteak beste: “Arduraz eta erantzukizunez jokatu dugu, Gipuzkoako lurraldearentzat berebiziko garrantzia duten azpiegituraren bideragarritasunari lehentasuna emanez, eta Bilduk hasieran hartutako erabakia zuzentzea lortuz”.

Akordio horren barruan Zarauzko saihesbidea sartzea lortu ez izana deitoratu du, baina ziurtatu du “aurrerantzean ez diogula uko egingo”, “N-634 errepidea Zarautz erditik igarotzeak sortzen dituen arazoak konpontzeko konpromisoa” lortu dutela Martin Garitano buru duen Gobernuaren aldetik, eta konpromiso hori betetzea bermatuko dutela aurrekontuei aipatutako emendakina aurkeztuz: “Zain gaude errepide nazionalaren trafikoa desbideratzeko eta Errotaberri eta Iritako etorkizuneko industriaguneei sarbidea emateko nolako konponbide teknikoa aurkezten diguten ikusteko, hala agindu dutelako”.

Lasaren iritziz, Zarauzko Udalaren jarrerak, Bildu eta Ezker Batua-Aralarrena, zehazki, zerikusi handia izan du saihesbidea airean gelditu izanarekin. “Argi zegoen ez zirela proiektu honen aldekoak, dagoeneko diseinatuta, erakundeetan onartuta eta esleitzear zegoen arren, urte askotako gestioen ondoren. Gogoratu besterik ez dago Larraitz Ugarte Foru bozeramalearen adierazpenak, esanez Zarauzko alkateak jakitera eman ziola proiektuak, planteatuta zegoen moduan, ez zeukala lehentasunik. Zarautzentzat 28 milioi euroko inbertsioari uko egin zion horrela”.

Gaineratu duenez, Bilduk proiektua esleipen fasean bertan behera utzi zuen, eta horren ondorioz “oso zaila” zen urte honetarako berriz ere bideratzea, “tramite administratiboak gauzatzeko behar adina denbora ez dagoelako jada: lehiaketa, GAOn publikatzea…”.

Horren aurrean, azpimarratu du EAJk beti defenditu duela proiektua “tinkotasun osoz”: “Ikusi besterik ez daude publikoki egin ditugun adierazpenak eta eskaerak, eta hartu izan ditugun neurriak, bai Batzar Nagusietan, non informazio eskaera erregistratu genuen, eta baita Udalean ere, ezohiko Udalbatzarra ospatu baitzen gai honen inguruan gure alderdiak hala eskatuta. Bertan argi gelditu zen bakoitzak zer pentsatzen zuen”. Azkenik, Juan Luis Illarramendi alkateari eskatu dio “zarauztarren interesen defentsan gai honetan tinko aritzea eta behar bezalako jarraipena egitea. Izan ere, saihesbideari uko egin ondoren herriarentzat kontrapartidak eskatuko zituela esan zuen, eta oraindik ez du ezer lortu”.

Share.

Leave A Reply