“PATXI LOPEZEK EZ DU KRISIA BEHAR BEZALA KUDEATU”

0

Ricardo Gatzagaetxebarria legebiltzarkide jeltzaleak egoera ekonomikoaz eta Eusko Jarlaritzaren jokabideaz hausnartu zuen Zarautzen

Ricardo Gatzagaetxebarria EAJko Eusko Legebiltzarreko ordezkari eta gai ekonomikoetan arduradunak hitzaldi irekia eskaini zuen Zarautzen egoera ekonomikoari buruz, bertako batzokian antolatu ohi diren informazio eta heziketa jardueren barruan. Gatzagaetxebarriak modu gordinean laburbildu zuen egungo egoera, lepo bete zen aretoan. “Atzeraldi ekonomikoaz baino gehiago, depresioaz hitz egin behar dugu, langabezi tasa gora doalako etengabe, eta BPGa, kontsumo pribatua eta inbertsio publiko-pribatua, berriz, behera modu argian”.

1999tik 2008ra doan hamarkadan bizitako gorakadarekin kontrajarri zuen oraingo krisialdia. “Euskadik izan duen aro ekonomiko onenetik gatoz. Urte horietan pilatutako BPGa %36’4 hazi zen, %3,7 urtean. Biztanleko BPGa %70 handitu zen, 31.514 eurora iritsiz, eta 168.200 lanpostu sortu ziren”. 2009az geroztik, ordea, “hazkunde eta enplegu indikadore guztiek behea jo dute, eta pasa den martxoan lanik ez zuten 161.918 lagun geneuzkan Euskadin”.

Argi utzi zuen krisialdiak nazioarteko testuinguruan duela jatorria, baina aldi berean nabarmendu duen Patxi Lopez lehendakariak ez diola aurre egiten jakin izan. Haren ustetan, legealdia balantze “ezin okerragoa” ari da uzten Euskadirentzat, ia 45.000 langabetu gehiagorekin, eta 32.5000 afiliatu gutxiagorekin Gizarte Asegurantzan. Kezkagarritzat jo zuen Eusko Jaurlaritzak PSE-EErekin izan duen zorraren hazkundea, 4.900 milioi eurotan zenbatu zuena: “Bederatzi bider handitu dute zorra, eta zorpetze gaitasuna baimendutakoaren mugaraino eraman. Herritarren artean zatitzen badugu, 5.500 euroko zorra ematen du”.

Legebiltzarkide jeltzaleak ohartarazi zuenez, “atzetik datorrenak” ordainduko du egoera hori. Izan ere, 2014an, Eusko Jaurlaritzak 725,9 milioi euro ordaindu beharko dizkie maileguen amortizazio eta interesen truke banku eta inbertsiogileei. Gipuzkoako Foru aldundiaren aurrekontu osoa gainditzen du ia zifra horrek: “Argi dago Patxi Lopezen ondotik datorrenak hipotekatutako eta eskuak lotutako gobernua topatuko dituela”. Kezkagarritzat jo zuen, halaber, Eusko Jaurlaritzak “gastu korronteari aurre egiteko zorpetzea, eta ez inbertsioak egin edo ekonomian eragina izango duten neurriak hartzeko”.

Gatzagaetxebarriak azaldu zuenez, “errezeta horixe bera da Bildu Foru Aldundian aplikatzen ari dena, inbertsioetatik eta enplegua bultzatzeko egitasmoetatik dirua kenduz, gizarte laguntza berriak ‘asmatzen’ dituen bitartean dagoeneko araututa dauden arloetan. Populismoa da hori”.  Ohartarazi zuenez, “sozialistek eta ezker abertzaleak ez dute ekonomia egitasmorik herri honentzat epe ertain-luzean. Herritarrek erabaki beharko dute bere momentuan, nazio garatu eta moderno gisa, zer hobesten duten: kudeaketa serioa ala Garitanoren populismoa”.

Haren irudiko, Euskadik Frantzia, Alemania, eta Europa iparraldeko herrialdeekin parekatzea izan behar du helburu, eta horretarako aukera ikusten du, gure herriak Espainiak baino ehun ekonomiko “orekatuagoa eta osasungarriagoa” baitauka. “Ekoizpen ehun hori indartu eta berritu behar da, formakuntza eta teknologia berrietan inbertituz, hori baita lehiakorrak izateko eta mundura zabaltzeko bide bakarra”.

Hala, zehaztu zuen “nazioarteratzea” dela Euskadik duen erronkarik handiena: “Esportazioak sendotzea eta Frantzia, Alemania, AEBak edo Japonia bezalako herrialdeen kanpo-eskariari erantzutea da euskal ekonomiak Espainiakoarekiko izan duen mendekotasuna gutxitzeko eta enplegua sortzeko modu bakarra, Espainiako merkatuaren bilakaera eskasa ikusirik”. Gatzagaetxebarriaren arabera, Euskadik duen langabezi tasa, %12 ingurukoa, oso larria da. “Ezin gara kontsolatu gure buruari esanez Espainiakaren erdia dela, edo 80ko hamarkadan %25ekoa genuela.  Orain dugun egoera da eta aurre egin beharra dago”.

Azkenik, iragarri zuen Lopezen Gobernuak onartutako aurrekontuak ez datozela “inondik inora” errealitatearekin bat, “hazkundea aurreikusitakoa baino %2,7 apalagoa izango delako, eta oker horrek hankaz gora jarriko dituelako kontuak”. Baikortasunerako argi-izpiren bat ere aipatu zuen, hala nola industria jardueraren errekuperazio zantzuak: “Okupazioak %0,4 egin zuen gora 2011ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta”.

 

Share.

Leave A Reply