“ETORKIZUNEAN EAJ ETA EZKER ABERTZALEAREN ARDATZEN INGURUAN SORTUKO DIRA GEHIENGOAK, BAINA ELKARLANERAKO BEHARREZKOA IZANGO DA HAIEK GU ERRESPETATZEA”, ADIERAZI DU EGIBARREK

0

GIPUZKO BURU BATZARREKO LEHENDAKARIAK EZKER ABERTZALEARI BERE ARAZOAK HERRI ARAZO BILAKATU NAHI IZANA EGOTZI DIO

Alternatiba konstituzionalek ez dute herri hau gidatuko; etorkizunean gehiengoak EAJ eta ezker abertzalearen ardatzen inguruan sortuko dira”, ziurtatu du GBBko lehendakari eta Legebiltzarreko bozeramaile den Joseba Egibarrek ikasturte politikoa zabaltzeko urtero Zarautzen egin ohi den mitinean. Hala ere, burukide jeltzaleak ohartarazi du gerora begira bi indarren elkarlana bultzatzeko “behar beharrezkoa” izango dela ezker abertzaleak EAJ errespetatzea. “Beren proiektua berria EAJri kontra eginda soilik eraikitzen ari dira. Errespetatu beharrean gu zapaltzera datoz, eta hori ez dugu onartuko”, aurreratu du.

Egibarrek salatu du ezker abertzaleak epaiketak dituenean bakarrik jotzen duela EAJrengana, “sinadurak, plataformak eta argazkiak behar dituztenean”, alegia. Eta, handik aurrera, gehitu du, “bi indarren eredu sozialak ezberdinak direla argudiatuz erakundeetan, Gipuzkoan bereziki, gehiengoei muzin egin eta EAJ deskalifikatu besterik ez dute egiten”.

Burukide jeltzaleak ezker abertzaleari bere arazoak herri arazo bilakatu nahi izana egotzi dio. “Beren lehentasuna ez dago nazio eraikuntzan, baizik eta presoetan, urtetan estrategia politiko militarra burutu delako eta ezker abertzaleak ez duelako ausardiarik izan bide hori okerra izan zela esateko”, argudiatu du. Beste behin ere, azken hiru hamarkadetan gertatutakoaren balorazio politikoa egin eta herri honi zor dion azalpena emateko eskatu dio ezker abertzaleari, eta baita onar dezala estrategia armatua porrot egin duelako amaitu dela. Horrez gain, gomendatu dio presoei behingoz esan diezaiela amnistiarik ez dela izango eta birgizarteratzea banan banan egin beharko dutela.

Egibarrek azaldu Euskal Herriarentzako estatus berria lortzeko ezinbestekoa izango dela bi indarren elkarlana, beti ere bien arteko errespetua bermatzen bada. Baina uste du, Ibarretxe plana bozkatu zenean bezala, gaur egun, ezker abertzaleak badituela beste lehentasun batzuk. Hala eta guztiz ere, “aurrera egin nahi bada, aurrera pausuak emateko garaia” dela ziurtatu du.

GBBko lehendakariak bide horretatik kanpo ikusten ditu PSE eta PP, beren muga “egungo estatutuaren azpian dagoelako: 35 urte daramatzate Gernikako Estatutua ia ia beteta dagoela eta falta diren transferentziak negoziatuko ditugula esanez. Baina ez. Herri honetan beste gehiengo bat dago eta jauzi kualitatiboa eman nahi dugu gure etorkizunaren jabe izateko”. Egibarrek erantsi du “euskal nazioa existitzen dela aldarrikatu behar dugula eta subjektu politiko bezala aitortuak izan behar garela gure erabakiak hartzeko gai izateko”.

Kataluniari buruz ere mintzatu da Espainiak beretzako irtenbiderik ez daukala esan eta Euskal Herriaren kasuarekin alderaketa egiteko: “Guk ez dugu haien bidea jarraitu behar oraindik ere etxekolanak egiteke ditugulako. Alde batetik, ezker abertzaleak beste lehentasun batzuk ditu eta bestetik, PSEk ez du PSCrekin zerikusirik ez duelako burujabetzaz hitz egin nahi”.

Egoera horren aurrean, azaldu du Euskal Herrian kataluniarrenak baina palanka hobeak ditugula aurrera egiteko eta EAJk buru belarri lan egingo duela estatus berriaren alde eta baita legegintzaldi honetarako finkatu dituen beste bi erronken alde: krisitik atera eta bakea eta bizikidetza bultzatu.

Amaitzeko, Zarautzen bildutako alderdikideei euskararen alde lan egiten jarraitzeko eskaera luzatu die hizkuntza hau delako berezi egiten gaituena eta, azken inkestek adierazi duten bezala, oraindik ere bere etorkizuna ez dagoelako erabat bermatuta.

“Helburu asko dira eta ez da erraza izango. Baina herri hau martxan jarri behar dugu, arazo eta oztopoak gaindituz. EAJk badaki nora joan behar dugun eta herritarren gehiengoak babesa eman digu horretarako, beraz aurrera egingo dugu”, esan du.

Share.

Leave A Reply